Derbian Osasuna Magna nagusi

Guaixe 2018ko aza. 28a, 09:54

Areto futboleko lehen maila. 12. jardunaldia: Osasuna Magna 6 – Aspil Vidal Ribera de Navarra 1

Osasuna Magnaren eta Aspil Vidal Ribera de Navarraren derbia jokatu zen atzo gauean Anaitasunan. Ikusmina handia zen, bi taldeak egoera paretsuan iritsi ziren partidara eta derbi guztietan gertatzen den bezala, 3 puntuak baino askoz ere gehiago zegoen jokoan kantxan. 2.500 ikusle bildu ziren eta giro aparta sortu zuten. Osasuna Magnak ekipazio gorriarekin jokatu zuen eta hori izan zen, hain zuzen ere, partidaren kolore bakarra, Osasuna Magna Xota jaun eta jabe izan baitzen.

Hasieratik hartu zuten partidaren kontrola atzo gorritxoak ziren berdeak. 11. minutuan Usinek Osasuna Magna aurreratu zuen eta Imanol Arregiren mutilek gehiago presionatu zuten. Erriberakoak ere saiatu ziren, baina Asierrek bikain zaindu zuen Osasuna Magnaren atea. Atsedenaldirako 3 eta 0 aurreratu ziren Osasuna Magnakoak, Rafa Usinen bigarren golari eta Roberto Martilen golari esker. Bigarren zatian arriskatzeko asmoz atera ziren kantxara Erriberakoak eta Sepe atezain-jokalari jarri zuen Jose Lucas Mena “Pato” entrenatzaileak. Baina estrategia ez zen ongi atera, Araçak Osasuna Magnaren laugarren gola eta Rafa Usinek bosgarrena –partidako bere hirugarrena– sartu zuelako. Sei minuturen faltan markagailua mustutzea lortu zuten Tuterakoek, baina partida despeditzeko hiru minuturen faltan Osasuna Magnaren aldeko seigarrena sartu zuen Eric Martelek.

Imanol Arregi entrenatzaileak bere taldea “momentu onean” dagoela nabarmendu zuen. “Taldeak partida ona egin du beste behin. Garaipen handia da hau, Kopara gerturatzen gaituena eta dagoeneko 8 partida daramatzagu jarraian galdu gabe. Taldea ongi dago eta ea horrela jarraitu dezakegun”. Barcelona Lassa izango dute aurkari larunbatean. “Ea beste ustekabe bat ematen dugun, zaila da, baina lehiatzera joango gara” gaineratu zuen. Asier Llamas atezainaz aritu zen. “Ez da azken eguneko kontua, Asierrek bizpahiru urte daramatza atezain onenen artean”.  

Larunbatean Bartzelonaren kontra
Lehen mailako sailkapenean Palma Futsal da liderra (28 puntu) eta Osasuna Magna bosgarren postura igo da (21 puntu). Larunbatean sailkapenean bigarrena den Barcelona Lassa izango du aurkari talde nafarrak Katalunian, 16:00etan. “Ea hirugarren sorpresa jarraian ematen dugun” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.