Osasuna Magna Espainiako Koparako sailkatu da

Guaixe 2018ko abe. 10a, 13:04

Ostiralean Segoviari 3 eta 0 irabazi eta gero, larunbatean Levanteren kontra ariko dira berdeak eta bihar Errege Kopako partida dute O’Parrulo Ferrolen kontra

Osasuna Magnak ez zuen liga hasiera ona izan, baina egoerari buelta ematen jakin izan dute Imanol Arregiren mutilek. Abenduaren 1ean talde berdeak Barça Lassaren kontra jokatu zuen. 2 eta 0 aurreratu ziren Imanol Arregiren mutilak, Chinok eta Eric Martelek sartutako golei esker, eta bikain jokatu zuten, baina Bartzelonak buelta eman zion partidari eta 3 eta 2 irabazi zuen, jokaldi polemiko bat tarteko. Berdeek ez zuten galtzea merezi izan eta 8 partida jarraian galdu gabeko boladari agur esan behar izan zioten, baina bide onera itzuli ziren, ostiralean Segoviari 3 eta 0 irabazi baitzioten etxean jokatutako partidan.

Partida oso garrantzitsua zen. Horren isla, 3.000 ikuslek Anaitasuna pabilioia bete zuten. Izan ere, Osasuna Magnaren helburuetako bat Kopa jokatzea da, eta horretarako goi postuetan egon behar du. Beraz, jokoan zeuden puntuak oso baliotsuak ziren, eta hasieratik irabaztera atera zen Imanol Arregiren taldea. Ez zen erraza izan, Segoviaren defentsa oso sendoa baitzen, baina Roberto Martil, Bynho eta Araça jokalarien golei esker 3 eta 0 irabazi zuten berdeek, garaipen oso garrantzitsua.

“Garrantzitsuena 3 puntuak lortzea zen eta lortu dugu. Kosta egin zaigu; ez da partida erraza izan, Segovia oso arerio deserosoa baita, izugarri estutzen duena. Baina lortu dugu eta garaipen justua da” aipatu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran. Horrela, otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean Valentziako Fuente de San Luis pabilioian jokatuko den Espainiako Koparako sailkatu da Osasuna Magna.

Levanteren kontra larunbatean
Lehen mailako liderra Barça Lassa da (32 puntu), El Pozo Murcia bigarrenarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna seigarrena da (24 puntu). Larunbatean, 26 punturekin sailkapenean bosgarrena den Levanteren kontra ariko da Osasuna Magna, 18:00etan, Paternan. LaLiga TV katearen bidez jarraitu ahal izango da partida eta arerio zuzenen arteko lehia denez, urrezko balioa dute jokoan dauden 3 puntuek.

Bihar Errege Kopako partida, O’Parruloren kontra
Bihar, asteartean, 20:30ean Errege Kopako partida jokatuko du Osasuna Magnak O’Parrulo Ferrol taldearen kontra, Anaitasunan.