Javi Eseverrik Kirol Merituari Urrezko domina jaso zuen

Guaixe 2018ko abe. 10a, 15:32

Nafar batendako “maila goreneko saria” dela aitortu zuen Xotako jokalari ohiak. Bestalde, aurten zendutako Peio Alzuetari aipamen berezia egin zion Nafarroako Gobernuak

Azaroaren 30ean Nafarroako Gobernuak Kirol Merituari Urrezko eta Zilarrezko dominak banatu zituen Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian. Uxue Barkos presidentea eta Ruben Goñi Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko burua han zirela, urrezko bi domina eta zilarrezko 11 domina banatu zituen Nafarroako Gobernuak, eta horretaz gain hiru ohorezko aipamen egin zituen.

Irurtzungo Xota areto futbol taldeko kapitain eta jokalari ohi Javier Eseverrik Kirol Merituari Urrezko domina jaso zuen. Eseverrik 20 urte eman ditu areto futboleko maila gorenean, eta guztiak Xota klub irurtzundarrean. Barkosek Eseverriren “lidergoa, karisma eta kantxan eta kantxatik kanpo duen jarrera eta portaera eredugarria” nabarmendu zuen. “Erreferente eztabaidaezina da eta bere klubarekiko leialtasuna ere goraipatzeko modukoa da” gaineratu zuen.

Eseverrik oso kontentu eta hunkituta jaso zuen urrezko domina. “Oso kontentu nago, nafar batendako domina hau maila goreneko saria da. Nire ibilbideari amaiera bikaina ematen dio, eta jaso ditudan omenaldi ekitaldi amaigabeak borobiltzen ditu” adierazi zuen, hunkituta.

Peio Alzuetari aipamen berezia
Nafarroako Gobernuak hiru ohorezko aipamen egin zituen. Horietako bat Peio Alzueta Labianorendako izan zen. Irurtzundarrak txirrindularitzan lan handia egin zuen garai bateko Reynolds taldean eta, bestalde, Irurtzungo Iratxo klubeko mendi ataleko presidentea zen, Sakanako Ibilaldiaren antolatzaileetako bat. Aurten zendu zen, gaixotasun larri baten ondorioz. Haren senitartekoek hunkituta jaso zuten aipamena.