Osasuna Magna, Errege Kopatik kanpo

Guaixe 2018ko abe. 12a, 10:28

O’Parrulo Ferrol taldeak sorpresa eman zuen eta 1 eta 5 irabazi zion Osasuna Magnari, Iruñean

Osasuna Magna taldea Errege Kopatik kanpo geratu da, inork espero ez zuena. Final zortzirenetan erori da talde berdea, O’Parrulo Ferrol taldearen kontra. Etxean jokatzen zuen Osasuna Magnak, zaleen babesa zuen, faboritoa zen… baina galiziarrek sorpresa eman zuten eta 1 eta 5 irabazi zieten nafarrei.

Osasuna Magnak aukera ugari izan zituen, aprobetxatu ez zituenak. Rubi Lemosek O’Parrulo aurreratu zuen, baina talde berdearekin azken partida jokatu zuen Chinok berdindu zuen eta banakako berdinketarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian Osasuna Magnak ez zuen bere tokia aurkitu, ez zituen gol aukerak aprobetxatu eta, O’Parrulo Ferrol, aldiz, bikain aritu zen eta partida irabaztea eta Errege Kopako final laurdenetarako sailkatzea lortu zuen.

Aldiz, Osasuna Magna Errege Kopatik kanpo geratu da. Partida bukaeran oso haserre zegoen Imanol Arregi entrenatzailea. “Intentsitaterik gabe jokatu dugu. Bigarren zatian oso gaizki aritu gara, huts egin ezin diren jokaldiak huts egin ditugu… O’Parrulo merezitako garailea da” adierazi zuen Arregik.

Alex Llamas 21 urtez azpiko selekziora
Espainiako 21 urtez azpiko areto futbol selekzioak Osasuna Magnako Alex Llamas jokalaria hautatu du abenduaren 16tik 19ra Braganzan selekzioak egingo duen kontzentrazioan aritzeko.