Irurtzunen sortutako heriotzaren inguruko lanaren estreinaldia

Guaixe 2018ko abe. 14a, 11:08
Miren Tirapu 'Manifestu bat' antzezlanaren aktorea eta zuzendaria da. BEHEKO LARRAINE

'Manifestu bat' antzezlana izanen da gaur, abenduaren 14an, ostiralean Irurtzungo kultur etxean, 20:30ean

Miren Tirapu Manifestu bat lanaren zuzendaria eta aktorea da. Beheko Larraine antzerki konpainiak sorkuntza prozesua Irurtzunen egin du. "Horrelako antzoki bat aurkitzea oso zaila da. Izugarria da, oso goxoa eta gertukoa". Hortaz, proiektua sortu den lekuan bukatzea eta estreinatzea gustatzen zaiola adierazi du. Gaur, ostirala, izanen da estreinaldia, 20:30ean.

"Gure kulturan heriotza trauma edo tabu bat da". Tirapuk egiten duen pertsonaia heriotzarekin"obsesionatuta dago. "Eta ez dakit pertsonaia den edo ni naizen, baina heriotzari buruz ikertzen hasi nintzen". Pertsonaiak gaur eta orain hil behar dela uste du. Hortaz, ikusleak hileta batera gonbidatutako pertsonak bihurtzen dira. "Harreman polita sortzen da ikus-entzuleekin. Baina ez dute parte hartuko, antzezlanean esaten denarekin sortzen da harreman hori".

Irurtzungo estreinatuko duten Manifestu bat lanaren pertsonaiak bere hileta prestatuko du "bazterreko" pertsona bat izan delako eta agur polit bat izan nahi duelako, protagonista izan.

Beheko Larraine konpainiaren lehenengo antzezlanaren pertsonai batetik abiatu ziren Manifestu Bat antzezlana egiteko. Lehenengo obra horretan bigarren mailako pertsonai bat zen, baina Tirapu pertsonaiaz "maitemindu" zen. Hortaz, antzezlan bat egitea erabaki zuen.

Aktoreak hiru pertsonai interpretatu zituen aurreko lanean, eta, oraingoan, pertsonai bakarraren "hiru ahotsak" interpretatuko ditu. "Aktore bezala erronka bat da". Antzezlanean pertsonai bakarra agertzen da, baina honen barruko "bi ahotsak" azaleratzen dira, baita bi hauek gidatzen dituen subkonzientea agertzen da hirugarren ahotsa bezala ere.

Manifestu bat heriotzarekin obsesionatuta dagoen pertsonai horren azken hitzak dira, bere oroitmenerako utzi nahi dituen hitzak.