Udalaren aurrekontuak % 10,8 igoko dira

Guaixe 2018ko abe. 14a, 10:49
Jendea Foru plazan.

Lanak egiteko 768.166 euro bideratuko ditu Irurtzungo Udalak. Gizarte arloko inbertsioa 295.106 eurokoa da. Azken horren barruan 20 edo 22 kontratazio egitea aurreikusten da.

Irurtzungo Udalak 2.150.018 euroko aurrekontua onartu du heldu den urterako, aurten baino 201.807 euro gehiago. EH Bilduren aldeko sei botorekin eta 2 zinegotzi independenteren (beste biak lan kontuengatik ezin izan zuten egon) eta UPNkoaren abstentzioarekin onartu ziren aurrekontuak asteartean. Aitor Larraza Carrera alkateak esandakoaren arabera bi taldeek hilabete izan dute proposamenak egiteko baina ez dute bat bera egin.

Aurrekontuei erreparatuta, Larrazak azaldu digunez, “udalak duen ekonomia egoera onak bermatzen digu 2019an hainbat lan egitea”. Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planean (TAP) jasota dauden eta, beraz, foru administrazioaren diru-laguntzarekin eginen diren lanak hiru dira. Lehena, argiteria publikoko egungo bonbilen % 90 LED teknologiagatik ordezkatzea da. “Horrekin karbono emisioak, udalaren argindar kontsumoa eta faktura murriztu nahi ditugu”, azaldu digu Larrazak. Aldaketa hori egiteko 265.505 euro bideratu dituzte. TAPean jasotako beste lan bat kultur etxeko teilatua da eta lan hori 41.140 eurorekin eginen da. Bestetik, musika eskolako leihoak aldatzera 34.937 euro bideratuko dira.

Lan gehiago
Inasako bulego eraikinaren beheko solairuaren egokitzapena da. Udalak lan horretarako 146.584 euro bideratuko ditu. Sakanako Eraldaketa Digitalerako Estrategiaren barruan dago eraikin hori. Eraldaketa digitalean sortzen den teknologia garatu, frogatu eta sinergiak sortzeko gunea izanen da. Enpresek erabiltzeko esparru bat. Eta udalaren eta gobernuaren artean egokituko da, bakoitzak zati bat. Alkateak jakinarazi digunez, “udalaren zatiko lanak herenegun hasi ziren. Eta gobernuak bereak aurki emanen ditu. Lanak apirilerako despedituta egonen dira”. Lanak despeditu ondoren espazio hori jantzi egin beharko da eta horretarako udalak foru administrazioaren laguntza izanen du. Guztira,  210.000 euro izanen dira.

Bestetik, udaletxe ondoan dagoen haurrendako jolas parkea egokituko du udalak heldu den urtean eta horretarako 35.000 euro bideratuko ditu. Kopuru hori bera zertan inbertitu erabakiko dute irurtzundarrek parte-hartze aurrekontuen 9. edizioan.

Kontratazioak
Irurtzungo kiroldegiaren kudeaketa irailera arte pertsona baten ardurapean zegoen. Udalak kirol azpiegituraren kudeaketa bere gain hartu du eta horrek langileriari bideratutako diru sailean hazkundea ekarri du. Izan ere, zerbitzu anitzetarako eta garbiketarako langile bana hartu baititu. Bestalde, aurten bezala udalak 2019an 20 edo 22 kontratazio egin asmo ditu. Aurten kontratazioak honela egin dira: Nafar Lansareren bidez 6 pertsona (4 zerbitzu anitzetako zerbitzurako eta 2 garbiketarako), Gizarte Zerbitzuen bidez 5, gaztetxokorako 2 eta igerilekuetan lan egiteko 4. Horiei Iturraskarri proiektuko onuradunak gehitu beharko litzaizkieke.