Osasuna Magna bosgarren postura igo da

Guaixe 2018ko abe. 17a, 12:49

Levanteri 2 eta 3 irabazi zion Osasuna Magnak. Bihar lagunarteko partida jokatuko dute berdeek Barcelona Lassaren kontra, Donostian

Aurreko asteartean O’Parrulo taldearen kontra galdu eta Errege Kopatik kanpo geratu eta gero, Osasuna Magnak gogo gehiagorekin ekin zion Lehen Mailako Txapelketari. Levanteren kontra jokatu zuen talde berdeak larunbatean eta garaipen garrantzitsua lortu zuten nafarrek, sailkapenean bosgarren postura igotzea ahalbideratu diena (2 eta 3).

Levanteren eta Osasuna Magnaren arteko partida oso lehiatua izan zen. Bi taldeak parez pare ibili ziren eta hasieran biek ez zuten gehiegi arriskatu. Osasuna Magnako Asierrek ongi zaindu zuen atea eta 14. minutuan talde berdeak aurreratzea lortu zuen Dani Saldisek estrategia jokaldi bikaina bikain borobildu eta gero. Bigarren zatian partida berdintzera atera zen Levantek eta 24. minutuan helburua lortu zuten. Baina Imanol Arregiren mutilek ez zuten behera egin eta Dani Saldisek, atzera ere, talde berdea aurreratu zuen. Gol aukerak sortzen jarraitu zuten bi taldeek eta Rafa Usinek hirugarrena sartzea lortu zuen. Levantek saiatzen jarraitu zuen, eta bigarrena sartu zuen partida bukatzeko segundo eskasen faltan. Baina ez zen egon gehiagorako tarterik eta 2 eta 3 irabazita, pozik itzuli ziren Osasuna Magnakoak.

“Garaipen oso garrantzitsua da. Baja garrantzitsuak izan ditugu baina taldeak ahultasun egoeretatik indarra ateratzen du beti eta partida ona egin dugu” nabarmendu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Lehen mailako lehen itzulia despedituta, El Pozo Murcia da lider berria (35 puntu), Barcelona Lassa bigarrenarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna bosgarren postura igo da (27 puntu). Larunbatean sailkapenean zortzigarrena den Peñiscolaren kontra jokatuko du Osasuna Magnak, 13:15ean, Peñiscolan, eta urteko azken partida garaipenarekin ospatu nahi izango dute berdeek. Ea posiblea den. Hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 5ean jokatuko dute, Anaitasuna pabilioian, sailkapenean zazpigarrena den Jaen Paraiso Interior taldearen kontra.

Barcelona Lassaren kontrako lagunartekoa bihar
Osasuna Magnak eta Barcelona Lassak lagunarteko partida jokatuko dute bihar, asteartean, Donostian, Gipuzkoako Futbol Federazioaren mendeurrenaren ospakizunen barruan. Partida Donostiako Josean Gasca’ kiroldegian jokatuko da, 19:30ean. Sarrera dohainik izango da, gonbidapenarekin.