Osasuna Magnak bikain hasi du urtea: 4 eta 3 hartu zuen mendean Jaen

Guaixe 2019ko urt. 7a, 12:20

Lehen mailako sailkapenean laugarren postuari eusten dio Imanol Arregiren taldeak eta larunbatean El Pozo Murcia liderraren kontra jokatuko du

2018 urtea Peñiscolari 1 eta 3 irabaziz despeditu eta gero, 2019 urtea modu ezin hobeagoan hasi da Osasuna Magna Xotarendako. Talde berdeak ostiralean Jaen Paraiso Interior taldea hartu zuen 3.000 ikuslerekin betea zegoen Anaitasuna pabilioian. Partida lehiatua aurreikusten zen, ordura arte Jaenek etxetik kanpo ez baitzuen partidarik galdu, eta horrela izan zen.

Bi taldeek kontrako atea bilatu zuten hasieratik. Hirugarren minutuan eta Bynhok egindako presio bikainari esker, Jaenekoek gola sartu zuten euren ate propioan. Eric Martelek berdeen bigarren gola sartu zuen handik 3 minutura, baina Jaenek distantziak murriztu zituen Mauriciok sartutako golari esker. Dani Saldiseren jokaldia maisuki borobildu zuen Roberto Martilek, talde nafarraren aldeko hirugarren gola sartuz, baina Eric Martelen zorigaiztoko errebote baten ondorioz, Osasuna Magnaren atera sartu zen baloia (3 eta 2). Atsedenaldia baino lehen hirura berdintzea lortu zuen Jaenek.

Bigarren zatian bi taldeak parez pare ibili ziren. Bi taldeek aukera argiak izan zituzten, baina baloia ez zen sartzen. Eta partida berdinketarekin bukatuko zela zirudienean, Rafa Usinek garaipenaren gola sartu zuen. Aipatzekoa da ere ostiraleko partidan Adri Ortego jokalariak debutatu zuela talde berdean.

Imanol Arregi entrenatzailea pozez zoratzen zegoen. “Jaen oso arerio zaila da, eta, horregatik, garaipenak zapore onagoa dauka” azaldu zuen. Talde berdearen ibilbidearekin oso kontentu dagoela nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak. Izan ere, denboraldia ez zuen oso ongi hasi talde berdeak, baina azken 13 partidetatik bakarra galdu du. “Bosgarren jardunalditik lortu ditugun zenbakiak eskandaluzkoak dira” azpimarratu zuen Arregik, ibilbide berari eustea “oso konplikatua” izango dela gaineratuz.

Hurrena, liderraren kontra
Lehen mailako sailkapenean, El Pozo Murcia da liderra (41 puntu) eta Osasuna Magnak laugarren postuari eusten dio (33 puntu), hirugarrena den Movistar Interrekin puntutara berdinduta. Hurrengo jardunaldian, hain zuzen ere El Pozo Murcia liderraren kontra ariko da talde berdea, larunbatean, 13:15ean, Murtzian. Partida oso zaila dute aurretik jokalari berdeek.