157 lagunek hartu zuten parte Irurtzungo Pikubestrean

Guaixe 2019ko urt. 9a, 14:12

Pikuxar Euskal Txokoak II. Pikubestrea edo San Silvestrea antolatu zuen

Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak Irurtzungo komertzioen babesarekin, bigarren urtez Pikubestrea antolatu zuen, Irurtzungo San Silvestrea. Urtea korrikan despeditzera 157 irurtzundar animatu ziren, 14 urtetik beherako 83 neska mutiko eta 14 urtetik gorako 74 kide. Gernika plazatik abiatuta, bi lasterketa izan ziren, txikiena eta helduena.

Umore onez aritu ziren irurtzundarrak korrikan, eta, bukaeran, guztiendako pintxo potea izan zen, esne litroa jaso zuten guztiek opari eta txikienendako, aldiz, dominak izan ziren. Horretaz gain, korrikalari guztien artean herriko komertzioek eskainitako produktuekin opari lote ederrak zozketatu zituzten Pikuxarrekoek. Antolatzaileek herriko komertzioen eskuzabaltasuna eskertu dute.

Bigarren urtea da Irurtzungo Pikubestrea ospatzen dela eta harrera beroa izan du ekimenak. Proba herrikoia eta ez lehiakorrarekin, giro ederrean urtea despeditzea da xedea.

Argazkiak: Pikuxar, Jota Rekalde.