Osasuna Magnak launa berdindu zuen El Pozo Murciarekin

Guaixe 2019ko urt. 14a, 13:00

Berdinketagatik lidergoa galdu zuen El Pozo Murciak. Osasuna Magna bosgarrena da sailkapenean

El Pozo Murciaren kontra partida zirraragarria jokatu zuen larunbatean Osasuna Magna Xotak. El Pozo Murcia liderra zen partida irabazteko faboritoa baina hasieratik gauzak oso zail jarri zizkion Imanol Arregiren taldeak.

Hasieratik puntuak lortzera atera ziren bi taldeak. El Pozo aurreratu zen, baina Rafa Usinek berdintzea lortu zuen. Baina atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuen El Pozo Murciak, eta gol  bateko aldearekin joan zen atsedenaldira liderra. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak. Dani Saldise irurtzundarrak bina berdintzea lortu zuen eta ondoren arbitroak El Pozoko Xuxa aldageletara bidali zuen, protestatzeagatik txartel gorria ikusi eta gero. Segituan aurreratu egin zen talde berdea, Rafa Usinek sartutako golari esker (2 eta 3). Markagailuan mugimenduak jarraitu zuen: El Pozo Murciak hirura berdindu zuen eta laugarren gola sartu zuen handik gutxira Bynhok. Horrela, 3 eta 4 aurreratu ziren nafarrak. Baina partida bukatzear zegoela laura berdintzea lortu zuen El Pozo Murciak, partida ikusgarrian.

Imanol Arregi bere jokalariak egindako lanarekin gustura zegoela azaldu zuen. “Liderraren zelaian puntu bat lortu dugu eta hori positiboa da guretako, hasieratik bukaerara lan ona egin dugulako. El Pozok izugarri estutu gaitu, baina gu ere oso ongi ibili gara, aukerak izan ditugu eta, hortaz, berdinketa justua da”.

Ostiralean Cartagena aurkari Anaitasunan
El Pozo Murciak lidergoa galdu du eta Barça Lassa da lehen mailako lider berria (42 puntu), El Pozo Murciarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna bosgarren postura jaitsi da (34 puntu). Ostiralean, 20:30ean, Osasuna Magnak sailkapenean 10.a den Jimbee Cartagena taldea hartuko du Anaitasunan.