Palma Futsalen kontra irabazi eta gero, laugarrena da Osasuna Magna

Guaixe 2019ko urt. 28a, 12:47
Osasuna Magnakoak Palma Futsalen kontrako garaipena ospatzen, aldageletan. Argazkia: Xota.

Lehen mailako areto futbola. 20. jardunaldia: Palma Futsal 2 – Osasuna Magna 3

Osasuna Magnaren bolada onak ez du etenik. Ostiralean Mallorcako Palman jokatu zuten nafarrek, sailkapenean laugarrena zen Palma Futsal taldearen kontra. Arerio zuzenen arteko partida zen, talde berdea bosgarrena baitzegoen sailkapenean eta, hortaz, Palmaren laugarren postua bera zen jokoan zena. Partida bikaina jokatu eta 2 eta 3 irabazi zuten berdeek, eta horrekin batera sailkapenean laugarren postura igotzea.

Dena den, Osasuna Magnak izugarri lan egin behar izan zuen Palma Futsal mendean hartzeko. Bi taldeak puntuak lortzera atera ziren hasieratik eta partida gogorra izan zen. Erasoan hasi zen Palma, baina kontraeraso bat baliatu zuen Roberto Martilek partidaren lehen gola sartzeko. Palmak gola aukera ugari sortu zituen, baina Osasuna Magnako Asier atezainak geldialdi ikusgarriak egin zituen, eta atsedenaldira joateko minutu baten faltan, bana berdindu zuen Palma Futsalek.  

Bigarren zatian, bi taldeek makina bat gol aukera sortu zituzten. Parez pare zebiltzan bi taldeak eta maila handiko jokaldiak egin zituzten. Eric Martelek sekulako jaurtiketa egin zuen, Palmaren atean sartu zena, eta ia konturatu gabe, handik minutu batera Dani Saldisek Osasuna Magnaren hirugarrena sartu zuen. 1 eta 3 aurreratu ziren berdeak.

Dani Saldisek bigarren txartel horia ikusi zuen eta aldageletako bidea hartu behar izan zuen, eta, bitartean, Palma Futsalek atezain-jokalariaren formula erabili zuen, markagailuan eragiteko asmoarekin. Dena den, Asierrek bikain zaindu zuen berdeen atea. Jokalari bat gutxiagorekin ere geratu zen Palma, eta naiz eta bigarren gola sartu eta markagailuan 2 eta 3 hurbildu, partida bere horretan bukatu zen eta hiru puntuak talde berdeak lortu zituen.

“Oso partida lehiatua izan da, bi taldeak parez pare ibili dira. Bigarren zatian oso ongi aritu gara eta lortu duguna garaipen justua da” nabarmendu zuen Imanol Arregik partida bukaeran. Arregik gaineratu zuen talde berdeak Saldiseren kanporaketari eusten jakin izan zuela. “Gure emaitza defendatzen jakin izan dugu eta justuki irabazi dugu” aitortu zuen teknikari irurtzundarrak.

Atsedenaldia ligan
Gauzak horrela, Barça Lassa da liderra (48 puntu), El Pozo Murciari 2 puntu aterata (46 puntu) eta Osasuna Magnak laugarren postua eskuratu du (40 puntu). Asteburu honetan ez da ligako jardunaldirik jokatuko, Espainiako areto futboleko selekzioak lagunarteko partidak jokatuko dituelako egunotan. Hurrengo jardunaldia otsailaren 8an jokatuko du Osasuna Magnak: sailkapenean 13.a den O Parrulo Ferrol taldea hartuko dute berdeek, 20:30ean, Anaitasunan.

Martel Espainiako selekziora
Espainiako selekzioak lagunarteko partidak jokatuko ditu egunotan Hungariaren eta Brasilen kontra. Andresito lesionatu denez, Osasuna Magnako Eric Martel jokalaria konbokatu dute azken orduan haren tokia betetzeko. Bere taldekide Rafa Usin aurretik zegoen konbokatuta.