Irurtzun Euskara eta Kultura, interes sozialeko proiektua

Guaixe 2019ko ots. 5a, 11:06
Pikuxar euskal txokoa. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuko kultura sailak interes sozialekotzat jo ditu entitate eta artisten 29 proiektu.. Tartean, Irurtzungo proiektu bat

Irurtzungo eta inguruko ondare linguistiko eta folklorikoa babestea eta euskararen erabilera eta bertako kultur adierazpenak sustatzea dira Irurtzun Euskara eta Kultur proiektuaren helburuak. Irurtzungo Aizpea Taldeak eta Pikuxar Euskal Txokoa-Kultura, Aisialdi eta Gastronomia elkarteak aurrera eraman dute egitasmoa, eta orain Nafarroako Gobernuak interes sozialerako proiektua izendatu du. Hortaz, kultur garapena eta kultur arlo desberdinak hobetzen eta laguntzen duten mezenazgoa lortu dute, eta Foru Legearen aurreikusitakoaren arabera dohaitzaileek fiskalki onurak izan dezakete.

Irurtzun Euskara eta Kultur proiektuaren bidez, bi elkarteek "zerbitzu publikoa eskaintzen diegu euskaraz edota kulturaz arduratzen diren Irurtzungo eta inguruko bailaretako pertsonei eta erakudeei". Euskararen ezagutza eta erabillera sustatzeko ekimenak egiten dituzte, baita "ohituren adierazpen folklorikoak" bultzatzen dituzte ere. "Esaterako, Gau beltza delakoa eta jardunaldi etonografikoak egin ditugu".

Gainera, mezenazgoa lortu duen ekimenarekin ere sormen artistikoa sustatzen eta sortzaile berriak laguntzen dituztela azaldu dute Pikuxarretik: "gure bi lokalak publikoak dira, eta bertan artista amateurren eta sortzaile berrien emanaldiak izan ohi dira". Artistek "esperientzia" eta "curriculuma" lortzen dute.

"Programa honek balio berezia ematen dio Irurtzungo eta inguruko jendeak kulturan parte hartzeari". Hortaz, Pikuxar elkartearen oinarrietako bat, jakinarazi dutenez, parte hartze aktiboa da. Bazkideek agendako ekintzak antolatzen dituzte hainbat lan batzordeetan. Horrela, bazkideek ekintzak antolatzen eta kultur jarduerak dinamizatzen ikasten dute. Gainera, herriko gainerako kultur erakundeekin elkarlanean aritzen dira, eta elkarrekin hainbat ikuskizun publiko antolatzen dituzte. "Esaterako, abian jarri dugun bertso-eskola, bertako artisten pintura erakusketak edo ihaterietan antolatutako jarduerak".

Mezenazgoaren bitartez Nafarroako kultur garapena eta arloak hobetzen eta laguntzen direla jakinarazi dute Pikuxar elkartetik. Proiektuak lortu duen interes sozialerako izendapenarekin, gainera, dohaintzen bidez euskararen erabilera eta bertako kultur adierazpenak sustatuz ondare linguistikoa eta folklorikoa babesten dela azaldu dute. Programak urte osoan zehar egingo diren kultur jarduerak hartzen ditu.