Osasuna Magnak O Parrulo hartuko du bihar Iruñean

Guaixe 2019ko ots. 7a, 15:25
Osasuna Magnako jokalariak.

Lehen mailako 21. jardunaldiko partida ostiralean jokatuko da, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian. Garaipenaren bidean jarraitu nahi dute Imanol Arregiren jokalariek

Azken astean Espainiako areto futbol selekzioak lagunarteko lau partida jokatu dituenez, aurreko asteburuan lehen mailan ez zen liga jardunaldirik jokatu. Aipatzekoa da Osasuna Magna taldeko Rafa Usin eta Eric Martel jokalariak Espainiako selekzioarekin aritu direla. Baina aste bateko atsedenaldiaren ondoren, asteburu honetan ligako 21. jardunaldia izango da jokoan eta jokalariak euren jatorrizko taldeetara itzuli ziren asteazkenean.

Gogoratu lehen mailako areto futbol sailkapenean, Barça Lassa dela liderra (48 puntu), El Pozo Murciari 2 puntu aterata (46 puntu). Osasuna Magnak laugarren postua eskuratu zuen, ligako azken partidan Palma Futsal taldeari 2 eta 3 irabazi eta gero (40 puntu). Ostiralean, sailkapenean 4.a den Osasuna Magna taldeak sailkapenean 13.a den O Parrulo Ferrolen kontra jokatuko du, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian. Talde berdearen helburua garaipenaren xendan jarraitzea da, laugarren postua sendotzeko eta, gutxika, hirugarrena den Movistar Inter taldeari gerturatzeko.

“Somos Verdes Somos Rojos” txartela
Osasuna Magna Xotak “Somos Verdes Somos Rojos” txartela atera du, taldeko abonatuei eta jarraitzaileei begira. 16 urtetik gorakoek 40 euro ordaindu beharko dute txartelagatik eta 16 urte artekoak, aldiz, 15 euro. Trukean, Osasuna Magna Xota, Xotako fundazioa eta areto futbol eskolak laguntzeaz gain, hainbat denda eta komertzioetan beherapenak izango dituzte txarteldunek: Osasuna denda ofizialean, Bi Sisters jatetxean, Maya erretegian, Hotel Plazaolan, Sabina Kafean, La Tasca de Don Josen, Senda Vivan, Tierra boutiquean, Cristal boutiquean, Closet Casan, Sagardiko Etxean, Garrido Artículos Publicitariosen eta Futsal Sakana Kirolak dendan.