Beste garaipen bat Osasuna Magnarendako

Guaixe 2019ko ots. 11a, 12:29

Lehen mailako ligako 21. jardunaldian talde nafarrak 6 eta 1 irabazi zion Galiziako O Parrulori eta laugarren jarraitzen du sailkapenean, hirugarrena den Movistar Interrekin puntutara berdinduta

Osasuna Magna Xotak argi utzi du ez duela punturik ihes egiten utzi nahi. Ostiralean Galiziko Ferroleko O Parrulo taldea hartu zuen eta garaipen sendoa lortu zuen talde nafarrak. Horrela, ligako laugarren postuari eutsi diote Imanol Arregiren mutilek eta hirugarrena den Movistar Inter taldearekin puntutara berdinduta daude (43 puntu).

Nolanahi ere, pazientzia handia behar izan zuten Osasuna Magna Xotakoak, partida apurtzea kosta baitzitzaien. Lehen zatian erasora atera ziren berdeak eta O Parrulo atzean kokatu zen, defentsan. Gol aukerak bata bestearen atzetik sortu zituen talde nafarrak, baina galiziarren Chemi atezainak bikain zaindu zuen atea. Azkenean, Alex Llamasek atea zulatzea lortu zuen eta aldeko 1 eta 0-rekin joan ziren atsedenaldira Osasuna Magnakoak.

Bigarren zatian gogo gehiagorekin atera ziren kantxara jokalari berdeak. Horrela, gol saiakerak, bata bestearen atzetik sortu zituzten. Gutxika O Parrulokoen defentsa sendoa gainditzea lortu zuten Imanol Arregiren mutilek: Bynhok bigarren gola sartu zuen eta Araçak hirugarrena. O Parrulo ere erasoan hasi zen, baina Bynhok laugarren gola sartu zuen. O Parrulok Rubi Lemos jokalari-atezain postuan jarri zuen eta gol bat egitea lortu zuten galiziarrek, baina Rafa Usinek eta Eric Martelek euren aukerak baliatu zituzten eta, azkenean, 6 eta 1 gailendu zen Osasuna Magna.

Imanol Arregik aipatu zuen kosta egin zitzaiela O Parrulo gailentzea “oso ongi defendatzen duen arerioa delako, oso ordenatua”. Atsedenaldian partidari erritmo gehiago sartzea eskatu zien bere jokalariei “partida oso geldirik zegoelako eta ez zitzaigulako hori komeni. Hori nahi zuen O Parrulok, erritmo mantsoa. Baina guk erritmoa azkartu dugu eta hobeto aritu gara. Irabaztea merezi izan dugu; bide onean jarraitzea ahalbideratzen digun garaipena da” gaineratu zuen Arregik.

Barça Lassak jarraitzen du lider (51 puntu), El Pozo Murciaren (47 puntu) eta Movistar Interren (43 puntu) aurretik. Osasuna Magnak laugarren postuan jarraitzen du, Movistar Inter hirugarrenarekin puntutara berdinduta. Larunbatean sailkapenean 11.a den Industrias Santa Colomaren kontra jokatuko du Osasuna Magnak, 18:00etan, Katalunian.