Xotako 150 jokalariak Irurtzunen bildu ziren

Guaixe 2019ko ots. 14a, 13:38

8 urteko neska-mutikoen taldetik hasita Osasuna Magnako jokalari profesionaletara bitartean, Xotako jokalariek topaketa egin zuten ostegunean Irurtzunen. Haiekin batera Xotako 25 teknikariak, presidentea eta beste izan ziren

Aurreko ostegunean Irurtzungo Xota klubeko areto futboleko jokalari guztiak Irurtzungo kiroldegian bildu ziren, guztien artean bildu, denboraldiko talde argazkiak atera eta elkar ezagutzeko aukera izateko. Jokalariekin batera, entrenatzaile eta teknikari guztiak bildu ziren Irurtzungo kiroldegian, jokalarien senitartekoekin batera. Tatono Arregi presidenteak egin zien harrera guztiei. Imanol Arregi talde profesionaleko entrenatzaileak ere hitza hartu zuen, Somos Verdes Somos Rojos proiektuko koordinatzaile Javi Eseverri, Xotako jokalari ohi handiarekin batera. Lacturale babesle nagusiko zuzendari nagusi Juanma Garrok ere taldea babesteko konpromisoa berretsi zuen. Bukaeran, talde nagusiko jokalariek eta entrenatzaileek txikienen galderak erantzun zituzten eta neska-mutikoen artean talde nagusiko 5 kamiseta, 2 baloi ofizial eta Lacturaleko produktuen 10 lote zozketatu ziren. Jakina, talde nagusiko jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izan zuten guztiek. Finean, Xotako festa polita izan zen aurreko ostegunekoa.

Kategoria guztietako 150 areto futbol jokalari bildu ziren Irurtzunen, 25 teknikariekin batera. Xota kluba duela 41 urte jaio zen Irurtzunen.

Argazkiak: Xota.