Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa: Irurtzun vs Iurreta

Guaixe 2019ko ots. 15a, 13:56
2018ko Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako Irurtzun taldea, txapeldunordea.

Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionaleko azken final laurdenetan Irurtzun klubak Iurreta izango du aurkari, bihar, larunbatean, 19:30ean, Tolosako Beotibarren

Abenduaren hasieran abiatu zen Pilotabizi Pelotazaleen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionala. Aurten inoiz baino parte-hartze handiagoa izan du txapelketak, Euskal Herriko 24 klub ari baitira, tartean Etxarri Aranazko Gure Pilota eta Irurtzun taldea, aurreko urteko txapeldunordea. Hasieran aurre fasea edo kanporaketa jokatu zen, eta txapelketan debutatu zuen Gure Pilotak Amurrio izan zuen aurkari. Amurrio gailendu zen  eta Gure Pilota bidean geratu zen.

Aurreko urtean Irurtzun txapeldunordea izan zenez, Irurtzun taldea txapelketako final laurdenetan sartuko da lehian. Txapelketako azken final-laurdenean, Irurtzunek edizio honetan sorpresa eman duen Iurreta izango du aurkari. Hasiera batean final laurdena igandean jokatzekoa zen, baina partidak larunbatera, otsailaren 16ra aurreratu dira, 19:30ean. Lehia oso gogorra espero da, aurreko urteko txapeldunordea baita Irurtzun, puntako kluba, eta aurten ezusteko handienetakoa eman duen taldeetako bat izan delako Iurreta. Hortaz, ikusmin handia sortu du norgehiagokak, kontuan hartuta jokoan dagoen kanporaketa oso garrantzitsua dela, irabazleak finalerdietara pasatzeko txartela lortuko baitu, otsailaren 24an Ultzamako Buruzgain klubaren kontra aritzeko.

Beste final laurdenak
Beste final laurdenetan, Buruzgainek Paz de Ziganda hartu zuen mendean, jokoan zeuden hiru partidak irabazita. Hernanik sorpresa eman zuen, Erreka bidean utzi eta gero (2 eta 1). Eta gauza berdina Oberenak, Zazpi Iturri irabazita egin baitu aurrera, jokoan zeuden hiru partidetatik bi irabazi eta hirugarrena bertan behera geratu eta gero, Zazpi Iturriko Peru Labaka lesionatu eta gero.

EHko Kluben Arteko Txapelketa
Larunbatean, 19:30ean, Tolosako Beotibarren
Lau t’erdian: Ongay (Irurtzun) / Zezeaga (Iurreta)
Banaka: Ollo (Irurtzun) / Otadui (Iurreta)
Binaka: Olazabal-Bergera (Irurtzun) / Bereikua-Diez (Iurreta)