Osasuna Magna hirugarrena da ligan

Guaixe 2019ko ots. 18a, 12:40

Osasuna Magnak bina berdindu zuen Santa Colomarekin, baina Movistar Interrek galdu zuenez, hirugarren postura igo dira berdeak

Osasuna Magnak Badalonako Estadio Olimpicoan jokatu zuen, Santa Colomaren kontra. Partida hasi eta berehala, 2. minutuan, Uri Santosek Santa Coloma aurreratu zuen. Xotak berehala erantzun zuen, Santa Coloma estutzen hasi zen eta gol aukera ugari sortu zituen, baina Santa Colomaren atezaina bikain aritu zen eta berdeen asmoak zapuztu zituen. Lehen zatian 13 geldialdi egin zituen Feixas atezainak. Osasuna Magna eraso eta eraso, baina ez zuten katalanen atea zulatzen. Azkenean, 19. minutuan, Dani Saldisek bana berdintzea lortu zuen.

Bigarren zatian atzera ere Santa Coloma aurreratu zen. Egoera berbera errepikatu zen, Osasuna Magnak erasoekin erantzun baitzuen. Ongi defendatu zuten katalanek eta Imanol Arregik Araça atezain-jokalari jarri zuen partida bukatzeko 5 minuturen faltan. Horrela, Rafa Usinek bina berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera Santa Coloma erasora pasa zen eta gola sartzear egon zen, baina talde irurtzundarreko atezainak, Asierrek, bikain defendatu zuen atea, geldialdi ikusgarriekin eta bina berdinduta, puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

“Uste dut hobeak izan garela. Lehen zatian bizia barkatu diegu: 27 aldiz bota dugu, eta eurak 6. Hobeak izan gara, baina gola sartzea, besterik ez zaigu falta izan. Euren atezaina Feixas, ikusgarri aritu da, partidako onena izan da” aipatu zuen Imanol Arregik partida bukaeran.

Hurrena, Antequera
Barça Lassa da areto futboleko lehen mailako liderra (52 puntu), El Pozo Murcia bigarrena (48 puntu) eta Osasuna Magna hirugarrena (44 puntu). Ostiralean Osasuna Magnak sailkapenean azkena den BeSoccer UMA Antequera hartuko du, 20:30ean, Anaitasuna Pabilioian.