Euskal Herriko Kluben Artekoa: Irurtzun finalerdietara

Guaixe 2019ko ots. 19a, 11:41

Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionaleko azken final laurdenetan Irurtzun klubak Iurreta hartu zuen mendean

Abenduaren hasieran abiatu zen Pilotabizi Pelotazaleen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionala. Aurten inoiz baino parte-hartze handiagoa izan du txapelketak, Euskal Herriko 24 klub lehiatu baitira, tartean Etxarri Aranazko Gure Pilota eta Irurtzun taldea, aurreko urteko txapeldunordea. Etxarri Aranatz aurre fasean erori zen txapelketatik eta Irurtzun kluba, aurreko urteko txapeldunordea izan zenez, final laurdenetan sartu zen lehian, larunbatean, Beotibarren, aurtengo errebelazioetako bat izaten ari den Iurreta taldearen kontra.

Irurtzun eta Iurreta klubaren arteko lehia gogorra espero zen, eta ikusmina handia zen. Baina esan beharra dago Irurtzungo klubak errepaso handia eman ziola orain arte errebelazio handiena izandako Iurretako Olaburu klubari. Lau t´erdian Olazabalek (Irurtzun) 6 tantotan utzi zuen Zezeaga (Iurreta), buruz burukoan Ongayk (Irurtzun) 18 eta 7 hartu zuen mendean Otadui eta binaka Ollok eta Bergerak (Irurtzun) 22 eta 11 irabazi zieten Bereikuari eta Badiolari (Iurreta). Beraz, merezimendu osoz pasa dira finalerdietara Irurtzungo pilotariak.

Igandean finalerdia Buruzgainen kontra
Asteburu honetan jokatuko dira Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionaleko finalerdiak, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Larunbatean, 19:00etan, Oberena eta Hernani lehiatuko dira eta igandean, 17:00etan, Ultzamako Buruzgainen kontra ariko da Irurtzun.

Bi finalerdi ikusgarri espero dira. Irurtzun eta Buruzgain taldeen artekoari dagokienez, Buruzgain Paz de Ziganda kanporatzetik dator. Talde zabala eta indartsua dauka Buruzgainek eta pilotari bat baino gehiago erabili dezake modalitate bakoitzean, komeni zaien arabera. Espero daitekeen alineazioa ondokoa da: lau t’erdian Iriarte, Larraungo pilotari beteranoa, sasoi betan dagoena; banaka Gaskueko Unai Astiz, manomanista peto-petoa; eta, binaka, Olaizko Iñigo Larunbe eta Larrainzarko Andoni Gaskue.

Irurtzun da, printzipioz, edizio honetako faboritoena. Luxuzko pilotariak ditu, afizionatuetan maila handiko tituluak lortutakoak. Lau t’erdian Olazabal aresoarrak ordezkatuko du Irurtzun, modalitatea ederki dominatzen duena; banaka, Alberto Ongay satrustegiarra, manomanista aparta, defentsa onaz aparte tantoa erraz bukatzen duena; eta, binaka, Ollo eta Iosu Bergera arruazuarra, maila ikaragarriko bikotea.
Finean, Buruzgainek talde gaztea eta kalitatezkoa du eta Irurtzunek, aldiz, beterano talde indartsua, batzuk profesionaletan ere maila ona emandakoak. Finala jokatzea dute jokoan eta ea sakandarrek bertan aritzeko txartela lortzen duten.

EHko Kluben Arteko Txapelketa
Final laurdenetako emaitza:
Lau t’erdian: Olazabal (Irurtzun) 18 / Zezeaga (Iurreta) 6
Banaka: Ongay (Irurtzun) 18  / Otadui (Iurreta) 7
Binaka: Ollo-Bergera (Irurtzun) /22  Bereikua-Badiola (Iurreta) 11

Finalerdia: Buruzgain / Irurtzun
Igandean, 17:00etan, Beotibarren
Lau t’erdian: Iriarte (Buruzgain) / Olazabal (Irurtzun)
Banaka: Astiz (Buruzgain) / Ongay (Irurtzun)
Binaka: Larunbe-Gaskue (Buruzgain) / Ollo-Bergera (Irurtzun)