Osasuna Magnak hirugarren postuari eutsi dio Antequerari irabazi eta gero

Guaixe 2019ko ots. 25a, 11:52

Asteburuan Valentzian jokatuko den Espainiako Kopara sasoi betean iritsiko dira Imanol Arregiren mutilak

Denboraldiari tamaina hartzea kosta egin zitzaion Osasuna Magna Xotari, baina egoerari buelta eman eta egun bikain dabiltza jokalari berdeak. Ostiralean sailkapenean azkena den UMA Antequera hartu zuten nafarrek Anaitasuna pabilioian, eta hirugarren postuari eustea lortu zuten, 3 eta 1eko garaipena lortu eta gero.

Partida hasi eta 15 minutura Antequera taldea aurreratu zen, partidari erritmo bizia jarri eta gero. Imanol Arregik hutsartea eskatu zuen egoerari buelta emateko asmoz. Hortik aurrera erasoan segi zuen Osasuna Magnak. Rafa Usinek eta Llamasek hainbat aukera izan zituzten, baina Antequerako atezaina oso fin ibili zen. Bigarren zatian Osasuna behin eta berriz saiatu zen eta, azkenean, Dani Saldisek berdintzea lortu zuen. Baloia azkar mugitzen jarraitu zuten berdeek, abiadura askorekin, eta, horrela, Araçak eta Rafa Usinek sartutako golei esker, 3 eta 1 gailendu zen Osasuna Magnak.

Imanol Arregi entrenatzaileak onartu zuen bere taldeak hainbat gabezia izan zituela lehen zatian, baina egoerari buelta emateko izandako gaitasuna nabarmendu zuen. “Lehen zatian ez gara ongi aritu, baina bigarrenean hobetu dugu. Irabazi beharra zegoen eta lortu dugu. Horrela, Kopara sentsazio bikainekin goaz” aitortu zuen Arregik.

Lehen Mailako Areto futboleko ligan Barça Lassak jarraitzen du lider (52 puntu), El Pozo Murciari puntu bat (51 puntu) eta Osasuna Magnari 5 puntu aterata (47 puntu). Asteburu honetan ez da ligako partidarik jokatuko, ostegunetik igandera Valentzian Espainiako Kopa jokatuko baita.

Peñiscola, Osasuna Magnaren lehen arerioa Kopan
Espainiako Kopan lehenik eta behin final laurdenak jokatuko dira. Ostegunean Movistar Interrek Palma Futsal izanen du arerio (19:00etan) eta El Pozo Murciak Levante (21:15ean). Ostiralean sartuko da lehian Osasuna Magna, Peñiscola RehabMedic taldearen kontra (19:00etan), eta Barça Lassak Jaen Paraiso Interior izango du aurkari (21:15ean). Finalerdiak larunbatean jokatuko dira, 17:00etan eta 19:15ean, eta final handia igandean jokatuko da, 17:00etan.