Irurtzunek Oberena izango du aurkari EHko Kluben Arteko finalean

Guaixe 2019ko ots. 26a, 13:25

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finalerdian Irurtzunek Ultzamako Buruzgain izan zuen arerio eta hiru partidatan gailendu ziren irurtzundarrak. Finala martxoaren 10ean jokatuko da, Tolosako Beotibarren

Asteburuan jokatu dira Pilotabizi Pelotazaleen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionaleko finalerdiak, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Aurreko urteko edizioko txapeldunordeak, Irurtzunek, Ultzamako Buruzgain izan zuen aurkari igandean Beotibarren. Nafarroako bi klub erreferente elkarren kontra. Ikusmina handia zen eta pilotazale ugari hurbildu zen Tolosako frontoira.

Lehenik eta behin lau t’ erdiko partida jokatu zen. Olazabalek (Irurtzun) eta Iriartek (Buruzgain) lehia estua izan zuten, baina azkenean Irurtzun klubeko pilotaria aldea ateratzen hasi zen eta 13 eta 18 irabazi zuen Olazabalek. Lehen puntua Irurtzun klubarendako.

Ondoren buruz buru jokatu zuten Astizek (Buruzgain) eta Alberto Ongayk (Irurtzun). Irurtzun klubean jokatzen duen Ongay satrustegiarra bikain aritu zen eta 8 tantotan utzi zuen Astiz. Horrela, bigarren puntua eta finaletarako sailkatzea lortu zuen Irurtzunek. Baina sakandarrak ez ziren horrekin konformatu eta hirugarren partida, binakakoa, irabaztera atera ziren ere. Ollok eta Iosu Bergera arruazuarrak ordezkatu zuten Irurtzun, Larunbek eta Gaskuek Buruzgain. Binakakoan ere nagusi izan ziren Ollo eta Bergera eta 22 eta 6 gailendu zitzaizkien. Horrela, hiru punturekin Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionaleko finalera sailkatu da Irurtzun, aurreko urtean bezala.

Beste finalerdia larunbatean jokatu zen, Beotibarren. Kasu honetan Nafarroako Oberena kluba Hernaniren kontra aritu zen. Oberenakoak gailendu ziren. Lau t’erdian Oberenak irabazi zuen partida, banaka Hernanik eta, hortaz, binakakoak erabaki zuen. Kasu honetan Oberenako Oskozek eta Aldabek 22 eta 17 irabazi zieten Hernaniko Urkizuri eta Labakari eta, hortaz, Oberena sailkatu zen final handirako. Irurtzun izanen du aurkari eta, hortaz, Euskal Herriko Kluben Arteko final handia bi talde nafar hauen artean erabakiko da, martxoaren 10ean, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

EHko Kluben Arteko Txapelketa
Finalerdiko emaitza: Buruzgain / Irurtzun
Lau t’erdian: Iriarte (Buruzgain) 13 / Olazabal (Irurtzun) 18
Banaka: Astiz (Buruzgain) 8 / Ongay (Irurtzun) 18
Binaka: Larunbe-Gaskue (Buruzgain) 6 / Ollo-Bergera (Irurtzun) 22

Finala:
Martxoaren 10ean, Beotibarren: Oberena / Irurtzun