Osasuna Magnak Espainiako Kopako bere 14. parte-hartzeari ekingo dio bihar

Guaixe 2019ko ots. 28a, 11:20

Ostiralean Peñiscolaren kontra Espainiako Kopako final laurdena jokatuko du talde berdeak, 19:00etan

Ostegunean hasi eta igandera arte luzatuko da Valentzian jokatuko den Espainiako Kopa. Talde berdeko Javi Eseverri kapitaina erretiratu zenetik, Roberto Martil irurtzundarra da bere ordezkoa kapitain lanetan eta Eseverri ez dagoenetik bera da ere Kopan parte-hartze gehien izan duen jokalari berdea, 32 urte dituen jokalari irurtzundarra 9 aldiz aritu baita.

Bihar, ostiralean sartuko da lehian Osasuna Magna Xota, Espainiako Kopako final laurdenetan, Peñiscola Rehabmedic taldearen kontra, 19:00etan. Talde nafarrak bere zaleen babesa izanen du, Xota klubak zituen 200 sarrerak saldu baititu eta beste zale asko bere kabuz gerturatuko baitira Valentziara. Partida hau eta gainontzeko guztiak zuzenean ikusteko aukera izango da Teledeporte eta LaLigaSportstv kateen bidez. Ondoren, 21:15ean, Barça Lassa eta Jaen Paraiso Interior taldeen arteko lehia egonen da jokoan.  

Gaur, ostegunean, hasiko da Espainiako Kopa, beste final laurdenekin. 19:00etan Movistar Interrek eta Palma Futsalek jokatuko dute eta 21:15ean, El Pozo Murciak eta Levantek.

Finalerdiak larunbatean jokatuko dira eta final handia, igandean, 17:00etan.

Minikopa
Espainiako Koparekin batera, haurren mailako Minikopa jokatzen da. Bertan, Kopan parte hartzen duten taldeetako haurren mailako taldeek lehiatzen dute. Minikopako final laurdenetan haurren mailako Xotak Peñiscola taldeko haurren mailako taldea izango du aurkari.

Haurren mailako Xota taldeko entrenatzailea Juan Manuel Beloki da, eta honakoak Xotako jokalariak: Dimas Yoldi Ripa, Nasim Dafoufi, Oier Martiarena, Hugo Martiarena, Mikel Arregi, Jon Razkin, Oier Agirre, Mikel Beloki, Ander Garmendia, David Iglesias, Xabier Larunbe, Ekaitz Eskamendi, Asier Erburu, Eder Anrago eta Ibon Nagore. Jose Mari Iglesias da taldeko delegatua.