Eguzkiaren marrazkia euria uxatzeko

Guaixe 2019ko mar. 1a, 10:57
'Euria' ikuskizunaren eszena bat. MARKELIÑE

'Euria' ikuskizuna izanen da etzi, igandea, Irurtzungo kultur etxean, 18:00etan

Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuitua Sakanara iritsiko da etzi, igandean, Euria Markeliñe konpainiaren eskutik. Irurtzungo kultur etxean izanen da emanaldia, 18:00etan. Arte Eszenikoen Zirkuituaren helburuetako bat gutxieneko arte eszenikoak bultzatzea da; hortaz, aurten dantzari garrantzi handiagoa eman nahi diote. Euria dantza ikuskizun bat da, baina antzerkia ere bada.

Euria itxaropen oihu bat da. Maitatutako pertsona bat galtzean eta dena aldatu dela onartu behar denean geratzen denari buruz hitz egiten du, ur tantak daude, eta tanta horietatik babesteko bi aterkirekin bizi den pertsonaia ere agertzen da, beroki bat eta malko beteriko kutxak ere. Leiho batean eguzkia marraztuta ere agertzen da emanaldian. Izan ere, gizakiak altxatzeko eta aurrera egiteko gaitasunaren metaforaz hitz egiten baitu ikuskizunak.

Markeliñe antzerki taldea Amorebietan sortu zen 1985an. Oso estilo pertsonala du eta kode eszeniko eta hizkuntza propioa erabiltzen dute ikuskizunak sortzeko. Hortaz, oso lan bitxiak egiten dituzte. Euria-ren kasuan keinu lanean oinarrituta dago eta musikak eramaten du hari gidaria.

Nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu du Markeliñek: Frantzia, Belgika, Herbehereak, Austria, Finlandia, Korazia, Portugal, Iralnda, Mexiko eta abar. Euria ikuskizuna Xixongo Feten Haurrendako Arte Eszenikoen jaialdiko saria jaso zuen 2017. urtean.

Zuzendaritza: Markeliñe konpainia
Antzezleak: Fernando Barado, Natalia Garcia / Nerea Martinez eta Ioar Fernandez / Itziar Fragua
Eszenografia: Joan Kepa Zumalde
Jantziak: Marieta soul espacio creativo
Bideogintza: Alphax studio
Argiak: Paco Trujillo