Espainiako Kopa: Osasuna Magna finalerdietan erori zen, Barça Lassaren kontra

Guaixe 2019ko mar. 4a, 13:48

Espainiako Kopako final laurdenetan Peñiscola penaltietan irabazi eta gero, Barça Lassaren kontra 3 eta 1 galdu zuen talde irurtzundarrak. Barça Lassak irabazi zuen Espainiako Kopa, El Pozo Murciaren kontra (1 eta 2)

Ostegunetik igandera bitartean Espainiako areto futboleko Kopa jokatu zen Valentzian. Osasuna Magna Xotak Koparen bere 14. parte-hartzeari ostiralean ekin zion, gogotsu. Final laurdenetan Peñiscola Rehabmedic taldea izan zuen arerio talde nafarrak. Aipatzekoa da talde berdea animatzera zale ugari joan zirela Valentziara. Areto futbol federazioak Xota klubari bidalitako 200 sarrerak berehala agortu ziren, eta, horretaz gain, bere kabuz zale ugari bertaratu ziren Valentziara. 300 zale baino gehiagoren babesa izan zuen talde irurtzundarrak.

Peñiscolaren kontra penaltietan lortu zuen garaipena Osasuna Magnak
Osasuna Magna Xota eta Peñiscola Rehabmedic taldeen arteko partida oso berdindua eta estua izan zen. Hasieran ez zen dominatzaile argirik egon. Bigarren zatia hasi eta berehala gol aukera ederrak sortu zituzten bi taldeek. Zoritxarrez, Peñiscolak egindako jaurtiketa batek Eric Martel zuzenean jo zuen eta baloia Osasuna Magnako atean sartu zen. Talde berdeko Asier atezainak geldialdi ederrak egin zituen eta partida bukatzeko 5 minutu eskasen faltan Imanol Arregik Araça atezain-jokalari postuan jarri zuen. Berehala, Rafa Usinek pase bikaina egin zion Saldiseri, eta irurtzundarrak bana berdintzea lortu zuen.

Partida berdinketarekin despeditu zenez, penaltiek erabaki zuten zein talde sailkatuko zen Osasunako Kopako finalerdietara. Rafa Usin jaurtitzen lehena izan zen eta lehen gola sartu zuen. Peñiscolako Raul Gomezek Asier atezaina gainditu eta bana berdindu zuen. Dani Saldisek Osasuna Magnaren bigarren gola sartu zuen eta Peñiscolako Hugok bina berdindu zuen. Jaurtitzen hurrena Martel izan zen; ez zuen huts egin eta talde berdearen aldeko hirugarren gola sartu zuen. Eta orduan  etorri zen partidako sorpresa, Imanol Arregi entrenatzaileak Asier atezainaren ordez Edu jarri baitzuen talde berdeko atea zaintzen. Eta portugaldarrak ez zuen huts egin, Gavak egindako jaurtiketa gelditu baitzuen. Penaltia gelditu eta finalerdietarako pasea eman zion Eduk talde berdeari eta taldeak gogoz ospatu zuen finalerdietara sailkatu izana.

Finalerdietan Barça Lassa finagoa izan zen
Osasuna Magna Xota eta Barça Lassaren arteko finalerdia intentsitate handikoa izan zen. Imanol Arregiren mutilek dena eman zuten, baina ez zen nahikoa izan. Hirugarren minutuan, Irurtzungo taldeak sake kaxkar bat egin zuten, Barçako Ferraok trantsizio azkarra egin zuen eta baloia Osasuna Magnaren ate barrura bidali zuen, erremate gurutzatu bikain bati esker. Osasuna Magnak partidaren kontrola hartu zuen, baina ez zen nahikoa izan, gol azkar horrek eragin handia izan zuen partidan. Bi taldeek gol aukerak izan zituzten, arriskutsuak. Eric Martel eta Martil saiatu ziren, baina ez zuten Barçako atea gainditu. Aldiz, ordu laurdenera Adolfok Barçaren bigarren gola sartu zuen, eta 0 eta 2 galtzen joan ziren aldageletara. Bigarren zatian Xotak ez zuen partida galdutzat eman eta gol aukera ederrak sortu zituen. Asierrek ere geldialdi onak egin zituen. Imanol Arregik Adri Ortego atezain-jokalari jarri zuen, baina Barça izan zen hirugarren gola sartu zuena. Adri Ortegok Osasuna Magnaren lehen gola sartu zuen, baina talde berdeak ez zuen egoerari buelta emateko aukera gehiagorik izan eta finalerdietan esan behar izan zioten agur Espainiako Kopari, 3 eta 1 galduta.

Eskerrak zaleei
“Oso konplikatua zela bagenekien, baina ez gara guztiz benetako Xota izan. Askoz hobeto jokatu dezakegu, baina Barcelonak oso ongi jokatu du, bikain defendatu du eta ezin izan dugu golik sartu. Punteria falta izan dugu. Pena handia da honaino etorri diren zaleengatik bereziki. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gure zaleei. Poztasunen bat eman behar diegu, eta azkar izango da” esan zuen partida bukaeran Asier atezain irurtzundarrak. Eta arrazoia izan zuen, Osasuna Magna Xotako ikusleek etengabe animatu zutelako taldea. Partida bukaeran txaloz hartu zituzten lur jota zeuden Xotako jokalariak.

“Galdu izanagatik penatuta gaude, baina kontentu gaude egin dugun partidarekin. Partida osoa egin dugu, baina kontra gehiegi eman dizkiogu Barçari. Atezain-jokalariarekin saiatu gara, baina hirugarren golak maldan gora jarri digu partida. Kopa irabaztera etorri gara, baina pozik goaz. Oso eskertuta gaude hona animatzera etorri garen zaleekin” gaineratu zuen Adri Ortegok.

Imanol Arregi entrenatzaileak adierazi zuenez “pena izan da, bi akats egin ditugulako, Barcelonaren lehen bi golak ekarri dituztenak. Dena den, horren ondoren golak sartzeko merituak egin ditugu, baina kontrako atean ez dugu asmatu eta horrek partida baldintzatu du”. Bigarren zatian hobe aritu zirela gaineratu zuen entrenatzaileak. “Hobeak izan gara, baina baloia ez bada sartzen ez dago ezer egiterik. Taldeak dena eman du eta partida bikaina egin dugu, baina kontrako atean ez baduzu asmatzen, ez duzu irabazten” nabarmendu zuen.

Atzo Espainiako Kopako finala jokatu zuten Barça Lassak eta El Pozo Murciak. Barça Lassak irabazi zuen Kopa, 1 eta 2 irabazita.

Minikopan ere Xota Bartzelonaren kontra erori zen
Lehen mailako klubek jokatzen dute Espainiako Kopa, baina klub horietako haurren mailako taldeek, aldi berean, Minikopa jokatzen dute. Minikopan final laurdenetan Xotak 7 eta 3 irabazi zion Peñiscolari eta irurtzundarrek Barcelonaren kontra jokatu zuten Minikopa, orain arte Minikopa guztiak irabazi dituen Bartzelonaren kontra. Bartzelona nagusi izan zen eta 0 eta 20 irabazi zion Irurtzuni.

Osasuna Magnak Zaragoza hartuko du ostiralean
Kopa alde batera utzi eta ligan pentsatzen hasiak dira jada Osasuna Magna Xotako jokalariak. Izan ere asteburuan, lehen mailako ligako 24. jardunaldia jokatuko da. Talde berdeak Futbol Emotion Zaragoza izango du aurkari ostiralean, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian. Osasuna Magnak ligako hirugarren postuari eutsi nahi dio eta 11. postuan dagoen Zaragozak, aldiz, gora begiratu nahi du. Beraz, partida konplikatua espero da.