Irurtzundar bati estortsioa egin zion sarea atzeman dute

Guaixe 2019ko mar. 5a, 15:52

Guardia civila miaketa egiten. Argazkia: utzitakoa.

Harremanetarako-gune baten bidez estortsioa egin eta dirua eskatu zioten.

Hainbat probintziatako 40 pertsonari baino gehiagori estortsioa egin zien sare bateko kideak atxilotu ditu Guardia Civilak Valentzian berriki. Jakinarazi duenez harremanetarako-gune ezagun baten bidez emakumezkoek sexu-zerbitzuak eskaintzen zituzten. Hainbat pertsona haiekin harremanetan jarri ziren, baina hitzorduak ez ziren sekula izan. Baina horren ondorioz, pertsona horiek dei eta berehalako mezularitzako aplikazio bidez mezu ugari jasotzen hasi ziren. Haietan, diru kopuru handiak eskatzen zizkieten, bestela haien bikote eta familiei hitzorduen berri emanen zietela mehatxatuz. Kasuren batean pertsonetako batek heriotza-mehatxua jaso zuen.

Atxilotutako sareko buruak estortsioez arduratzen ziren. Horretarako, makina bat probintziatan iragarki pila jartzen zituzten. Behin haiekin harremanetan jarrita estortsio eta mehatxuak hasten ziren. Ordainketaren zati baten truke, beste bitartekari batzuk euren kontu korronteak eskaintzen zituzten. Han jasotako dirua sareko buruei ematen zieten. Atxilotutako 14 valentziarrei estortsioa, mehatxuak egitea, kapitalak zuritzea, droga trafikoa, egoera zibilaren usurpazioa eta agirien faltsutzea leporatu dizkiete.