Irurtzunek Oberena izango du aurkari EHko Kluben Arteko finalean

Guaixe 2019ko mar. 7a, 15:41
Irurtzun kluba.

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finala igandean jokatuko dute bi talde nafarrek, Tolosako Beotibarren, 17:00etan

Igandean jokatuko da Pilotabizi Pelotazaleen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionaleko finala, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etan. Irurtzun klubak Oberena izanen du aurkari. Bi klub nafarren arteko finala izango da jokoan egongo dena, eta Miguel Berazak zuzentzen duen Irurtzun klubaren helburua iazko arantza atera eta txapela janztea izango da. Izan ere, aurreko urtean Euskal Herriko Kluben Arteko finala jokatu zuen Irurtzunek, eta nahiz eta faborito argia izan, Zazpi Iturriren kontra galdu egin zuten finala. Aurten txapelarekin etortzea da helburua, baina irurtzundarrek lan handia egin beharko dute Obererenaren kontra.

Iruñeko Oberena klubetik pilotari handiak atera izan dira: Irujo, Ezkurdia, Beloki, Eulate, Retegi Bi, Arretxe… eta Euskal Herriko Kluben Arteko finalera pilotari labekada berria aurkeztu dute; pilotari gazteak baina prestatuak aurkeztuko ditu Iñaki Barbajero teknikariak. Aldiz, Irurtzun klubeko pilotariak beteranoagoak dira, Alberto Ongay, Iosu Bergera, Ollo eta Olazabal. Beraz, beteranoak gazteen kontra ariko dira. “Txapelketa honen pisua beteranoek daramate, baina baditugu bikain dabiltzan gazteak, Arbizu edo Nazabal, esaterako. Ona da pilotari gazte horiek afizionatuetan dena irabazi duten pilotariekin elkarrekin entrenatzea. Belaunaldi aldaketa emateko desiotan gaude, baina hori kantxan erakutsi behar da. Euskal Ligan gure pilotari gazteak ari dira lehian, baina Euskal Herriko Kluben Artekoan beteranoen alde egin dugu, sari ekonomikoa garrantzitsua delako eta lortu beharra dagoelako” azaldu du Irurtzun klubeko arduradun Migel Berazak.

“Gure pilotariak pilotari askoz trebatutakoekin eta beteranoekin aritzeko sekulako aukera da hau, euren sasoia neurtzeko” azaldu zuen Barbajerok. Oberena behetik hasi zen lehian Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan eta euren sorpresarako finalera sailkatzea lortu dute, buruz burukoan espezialistarik izan gabe. Canabal ariko da lau t´erdian, Garcia buruz buru eta Mata eta Aldabe binaka. Finala “konplikatua” ikusten dute eta hirugarren partidan, Binakakoan, dute esperantza jarria. Aldiz, Irurtzunek jokoan dauden hiru partidetan aukerak ikusten ditu.

Pablo Lopez de Goikoetxeari errekonozimendua
Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak,Euskal Herriko pilota klubetan egin duten lan handia eskertzeko eta pilotaren alde bere lan eskuzabala aitortzeko, oroigarria emanen die igandeko Beotibarko finalean Euskal Herriko pilota klubetako 8 ordezkariri, tartean Sociedad Deportiva Alsasuako (SDA) Pablo Lopez de Goikoetxeari. 1968 urtean sortu zen SDA, eta Pablo Lopez de Goikoetxea hasieratik egon zen zuzendaritza taldean eta pilota atalean. Urte hauetan guztietan ehundaka gazte trebatu dira Altsasu pilota klubean eta Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa antolatzen du klubak. Gaur egun Pilotajauku elkarteak darama pilota eskola. Errekonozimenduak “izugarrizko poza” eman diola onartu du egun 1985 urtetik Nafarroako Euskal Pilota Federazioko juntan dagoen Pablo Lopez de Goikoetxeak. “Pilotaren alde egindakoagatik Nafarroatik kanpo aitortzeak zerbait esan nahi duela uste dut” gaineratu du altsasuarrak.

Finala, zuzenean
Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finala zuzenean ikusi ahal izango da pilotaren difusioa egiten duten 30 web gune ingururen bitartez, tartean www.pilotabizi.com web gune ofizialean edo 21iguales.com, pilotarentxokoa.com eta manista.com web guneetan. Aurreko urtean jarraipen handia izan zuten finalek, 21.548 ikuslek jarraitu zuten.

EHko Kluben Arteko Txapelketako finala

Martxoaren 10ean, 17:00etan, Beotibarren: Oberena / Irurtzun

Lau t’erdian: Canabal (Oberena) / Olazabal (Irurtzun)

Banaka: Garcia (Oberena) / Ongay (Irurtzun) 

Binaka: Mata-Aldabe (Oberena) / Ollo-Bergera (Irurtzun)