Osasuna Magnak 2 puntu utzi zituen ihes egiten

Guaixe 2019ko mar. 11a, 11:56

Lehen mailako ligako 24. jardunaldian launa berdindu zuen Zaragozarekin Anaitasunan jokatutako partidan. Sailkapenean hirugarren postuari eutsi dio talde berdeak

Osasuna Magna Xotak hiru puntu eskura izatetik puntu batekin konformatu behar izan izan zuen. Izan ere, akatsak oso garesti ordaintzen dira areto futboleko lehen mailan. Anaitasunako zaleak alde zituela, 4 eta 1 irabazten zihoan Imanol Arregiren taldea, baina Zaragozak laura berdintzea lortu zuen eta talde berdea zapore garratzarekin geratu zen eta etxean 9 garaipen jarraiko bolada eten zuen.

Gauzak ongi hasi ziren ostiralean Osasuna Magnarendako. 2.650 zale bildu ziren Anaitasunan eta emakumearen egunak garrantzi handia izan zuen: Xota fundazioko Somos Rojos Somos Verdeseko idazkari Oskia Lazkoz idazkariak emakumearen egunaren aldeko aldarria egin zuen. Ohorezko sakea emakumezkoen Xota senior taldeko kapitainek egin zuten, Yolanda Martilek eta Laura Fernandezek. Partida hasieratik Zaragoza estutzen hasi zen Osasuna Magna, eta Rafa Usinek etxekoen aldeko lehen gola sartu zuen. Corner bat ateratzerakoan Asierrek zaintzen zuen ate aurrean bakarrik geratu zen Esteban, Osasuna Magnakoen akats nabarmena, eta Zaragozak berdintzea lortu zuen. Atsedenaldia baino lehen Eric Martelek berdeen bigarren gola sartzea lortu zuen eta gol bateko abantailarekin joan ziren atsedenaldira Imanol Arregiren mutilak.

Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak. Roberto Martil kapitain irurtzundarrak hirugarren gola sartu zuen eta segundo batzuk beranduago Dani Saldise irurtzundarrak laugarren gola sartu zuen. 4 eta 1 irabazten zuen Osasuna Magnak eta partida erabakita zegoela zirudien. Aukera gehiago izan zituzten berdeek, baina Zaragoza esnatu egin zen eta Estebanek euren bigarren gola sartu zuen, area kanpotik egindako jaurtiketa batetik. Eta hirugarrena gutxira sartu zuen Alík. Zazpi minutu falta ziren partida bukaerarako eta Zaragozak atezain-jokalaria jarri zuen. Ongi atera zitzaien estrategia, laugarren gola sartu baitzuten Zaragozakoek. Osasuna Magna bosgarren gola egiten saiatu zen, baina ezinezkoa izan zen. Horrela, launako berdinketarekin bukatu zen partida, zapore garratzarekin, eta etxean 9 jarraipen jarraituko bolada eten egin zen.

Imanol: “Bi puntu galdu ditugu”
Haserre zegoen Imanol Arregi entrenatzailea. “Puntu bat oparitu diegu eta bi galdu ditugu. Partida hau guk galdu dugu” adierazi zuen teknikari irurtzundarrak. “4 eta 1 aurreratu gara, hobeak izan gara, partida txikitu ahal izan dugu baina ez dugu egin. Hobea izaten ari zaren partida batean arerioa partidan sartzea uztea ezinezkoa da” nabarmendu zuen.

Hurrena: Valdepeñas
Lehen Mailako ligan aldaketa eman da eta El Pozo Murcia da lider berria (54 puntu), Barça Lassak Palma Futsalen kontrako partida galdu eta gero. 52 puntu ditu Barça Lassak. Osasuna Magnak hirugarren postuari eutsi dio, 48 punturekin, eta puntu eskas batera du Movistar Inter (47 puntu). Larunbatean sailkapenean 14.a den Viña Alali Valdepeñas taldearen kontra ariko da Osasuna Magna, 20:00etan, Valdepeñasko Virgen de la Cabeza pabilioian. Partida zuzenean jarraitu ahal izango da LaLigaSportstv edo CMM TV telebista kateetan.