Irurtzun txapeldun!

Guaixe 2019ko mar. 12a, 13:43

Euskal Herriko Kluben Arteko finalean, Oberenaren kontra meritu handiz irabazi zuen Irurtzunek

Igandean jokatu zen Euskal Herriko Kluben Arteko V. Txapelketa Nazionaleko finala. Pilotabizi Pelotazaleen Elkarteak antolatutako txapelketako finalak interes handia piztu zuen eta pilotazale asko bildu ziren Tolosako Beotibarren. Irurtzun eta Oberena klubek jokatu zuten finala: pilotari beteranoak pilotari belaunaldi berriaren kontra.

Lehenik eta behin lau t’erdiko partida jokatu zen. Oberenako Canabalek 18 eta 13 irabazi zion Irurtzun klubeko Olazabali. Beraz, txapela lortzeko aukerak izateko buruz burukoan irabaztera derrigortua zegoen Irurtzun. Alberto Ongay satrustegiarrak ez zuen huts egin eta 6 tantotan utzi zuen Oberenako Irurita. Bana berdinduta, binakako partidak erabaki zuen. Oskozek eta Aldabek ordezkatu zuten Oberena eta Ollok eta Iosu Bergera arruazuarrak, aldiz, Irurtzun. Partida oso lehiatuan, azkenean 17 eta 22 irabazi zuten Ollok eta Bergerak eta Euskal Herriko Kluben Arteko txapela Irurtzunera etorri da. Txapelarekin batera, sari potoloa lortu du Irurtzun klubak: 3.000 euro.

Pablo Lopez de Goikoetxeari errekonozimendua
Finalak hasi baino lehen, Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak oroigarria banatu zien Euskal Herriko pilota klubetako 8 ordezkariri, euren klubetan egin duten lan handia eskertzeko eta pilotaren alde bere lan eskuzabala aitortzeko. Oroigarria jaso zutenen artean zegoen Sociedad Deportiva Alsasuako (SDA) Pablo Lopez de Goikoetxea. Oso eskertuta eta hunkituta jaso zuen aitortza.

EHko Kluben Arteko Txapelketako finala

Oberena 1 / Irurtzun 2

Lau t’erdian: Canabal (Oberena) 18 / Olazabal (Irurtzun) 13

Banaka: Irurita (Oberena) 6 / Ongay (Irurtzun) 18 

Binaka: Oskoz-Aldabe (Oberena) 17 / Ollo-Bergera (Irurtzun) 22