Omenaldia ere izanen den antzezlana

Guaixe 2019ko mar. 15a, 13:03
Irurtzun Antzerki Tailerreko kideak. UTZITAKOA

Irurtzungo Antzerki Tailerrak 'Mujeres de casa vieja' antzezlana eginen du gaur, bihar eta etzi. Guztira, lau emanaldi eginen ditu. Saio bereziak izanen dira, gainera, Peio Alzueta tailerraren kidearen "hutsuneari" aurre egin behar izan diotelako

Taldeko kide zen Peio Alzueta Labianoren heriotzak markatu du Irurtzungo Antzerki Tailerraren jarduna. Angel Sagues da beste urte batez tailerraren zuzendaria, eta Peiok utzitako "hutsunea" bizi izan dutela esan du. Horregatik, aurtengo antzezlanaren emanaldia berari eskainiko diote. "Eta antzezlanaren aukeraketak ere horrekin zerikusia du: jendea, bizitza nola pasatzen den...". Baina, bereziki emakumearekin erlazionatuta dago. Emakumeak dira protagonistak Mujeres de casa vieja antzezlanean. Gaur, ostirala, 19:30ean eta 22:0ean; bihar, larunbata, 20:00etan, eta etzi, igandean, 19:00etan izanen dira emanaldiak Irurtzungo kultur etxean.

Adin eta egoera desberdinetako emakumeak dira Mujeres de casa vieja antzezlanaren protagonistak. "Peio ez zenez egongo, gizonik ez egotea erabaki genuen". Beraz, eszenara ateratzen diren pertsonai guztiak emakumeak dira. "Garai bateko emakumeak dira. Gizonezkoengandik oso baldintzatuta bizi diren emakumeak". Egoera horretan bizitzeagatik sentitzen duten grinak, frustrazioak eta abarrak ateratzen dituzte.

Angel Sagues Irurtzungo Antzerki Taldearen zuzendaria antzezlanaren egilea eta ikuskizunaren zuzendaria ere bada. Hegoamerikako autore baten testuen adaptazioa egin du tailerraren beharretara egokituta. "Adaptazioak egin behar ditugu normalean, errepartoa askotarikoa delako. Bat-batean bi gazte daude eta beste guztiak helduak...". Tailerreko aktoreen araberako eszenak idatzi behar direla azaldu du zuzendariak.

Hamar pertsonek antzeztuko dute Mujeres de casa vieja antzezlana. Bi gizon eta zortzi emakume. Hala ere, antzezlanaren pertsonai guztiak emakumeak izanen dira. Protagonistak bi ahizpa dira, Celina eta Leonora, eta haien istorioa kontatuko dute. Hortaz, flashback-en bidez etxe zaharrean bizitutako istorioak gogoratuko dituzte. Bertan, emakume bitxiak agertuko dira: Francisca, ahizpen ama; Jacinta eta Victoria, Franciscaren ahizpa bikiak; Maria, amona; Gurmensinda eta Adriatica, amonaren ahizpak; Chiquita birramona, eta Blanquita neskamea. Aktoreekin eta zuzendariarekin batera hainbat laguntzaile egongo direla esan du Saguesek. Baita Patxi Mikeo kultur teknikariak egiten duen lana eskertu nahi du ere.

Belaunaldi ezberdinetako emakumeak agertzen dira eta existentziaz hitz egiten dute. Antzezlana matxismoaren metafora bat dela azaldu du Saguesek, izan ere, etxea sistema matxista "zapaltzailea eta itxiaren" adierazlea da, eta "denek nahi dute etxe horretatik alde egin".

Hutsune garrantzitsua
"Gauzak gertatzen dira eta onartu behar ditugu". Peio Alzuetaren heriotza "gogorra" izan dela onartu du Saguesek. Hutsunea utzi du Antzerki Tailerrean. "Gizon honek taldean zuen presentzia izugarria zen eta tailerra egiten zuen ilusioarekin eta sustatzen zuen". Beraz, Alzuetarik gabeko lehenengo entseguetan "ez zegoela ikustea zaila izan zen". Hortaz, asteburuan eginen duten ikuskizunaren "atmosfera" sentimendu hori jasotzeko baliagarria izan behar zen.

Gaur, mustutzean, "dena aterako" dute tailerreko kideek, baita lau saioetan ere. Emanaldiak hasi aurretik bideo txiki bat proiektatuko dute Alzuetaren omenez, "bere oroitzapenean". Bertan, Alzuetak antzerki tailerrean egindako lana erakutsiko dute, eta Irurtzguno herriarekin konpartituko dute, izan ere, Alzuetak "hutsune handia utzi du herrian ere".