Valdepeñas mendean hartuta, lehen mailako ligako hirugarren postuari eusten dio Osasuna Magnak

Guaixe 2019ko mar. 18a, 13:29

Hurrengo jardunaldian Movistar Inter taldea hartuko du talde berdeak Anaitasunan, igandean, 13:15ean

Aurreko astean Zaragozaren kontra berdindu eta gero, garaipenaren xenda berreskuratu du Osasuna Magna Xotak eta hirugarren postuari eusteko balio duten hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen partida zirraragarrian Valdepeñasi 3 eta 6 irabazi eta gero. Horrela, sailkapenean arerio zuzena den Movistar Inter taldea sentsazio bikainekin hartuko du igandean Imanol Arregiren taldeak, Anaitasunan.

Ciudad Realen jokatu zuten partida Valdepeñasek eta Osasuna Magna Xotak. Ongi hasi ziren gauzak talde berdearendako: bosgarren minuturako Eric Martelek bi gol sartu zituen eta 0 eta 2 aurreratu zen talde berdea. Valdepeñas saiatu zen, baina Asierrek bikain zaindu zuen berdeen atea. Atsedenaldirako bost minuturen faltan Rafa Usinek hirugarrena sartu zuen, eta bigarren zatia hasi eta berehala laugarren gola sartu zuen Bynhok. Handik bi minutura, Bynho aldageletara bidali zuen arbitroak, Dani Santosi egindako faltagatik txartel gorria ikusi eta gero. Hala ere, ongi eutsi zuen Osasuna Magnak eta Eric Martelek bosgarren gola sartzea lortu zuen. Bukaera alde horretan partida erotu zen: bi gol sartu zituzten Valdepeñasgoek, baina Eric Martelek berdeen seigarrena sartu zuen, eta nahiz eta Valdepeñasek hirugarrena egin, hiru puntuak ez ziren arriskuan egon eta 3 eta 6 irabazita itzuli zen talde irurtzundarra etxera. Sartutako 4 golekin, Eric Martel izan zen, zalantzarik gabe, partidako izarra.

Bynhok garrasi arrazistak salatu ditu
Baina talde berdearendako dena ez zen zoriona izan Bynho jokalariak bere kontrako garrasi arrazistak jasan zituela salatu baitu bere Instagram kontuan. Nonbait, gola sartu zuenean eta gola ospatzeko txiribuelta eman zuenean “mono” ohitu egin ziotela salatu du Osasuna Magna Xotako jokalariak. “Egoera triste eta desatsegina jasan behar izan nuen. Gola sartu eta betiko moduan ospatu nuen, txiribuelta emanez, eta Valdepeñaseko zaleek, kirolean onartezina den ekimenean, ekimen arrazista batean, “mono” deitzen ninduten. Ekimen hauek ez dute tokia kirolean. Kontentu nago irabazi izanagatik baina oso triste halako moduko ekimen gaiztoen aurrean” adierazi du jokalariak. Xota klubak bere babes osoa eman dio jokalariari. “Gure babesik eta maitasunik handiena helarazten diogu gure jokalari Bynhori” adierazi du talde berdeak.

Inter Movistarrekin 3. postua izango du jokoan Osasuna Magnak
Hiru puntu horiek oso garrantzitsuak izan dira Osasuna Magnarendako, lehen mailako 3. postuan jarraitzen baitute berdeek. El Pozo Murcia da liderra (57 puntu) eta Osasuna Magna hirugarrena da (51 puntu), Movistar Inter laugarrenari puntu bat aterata (50 puntu). Hain zuzen ere, igandean Movistar Inter taldea hartuko du Osasuna Magnak Anaitasunan, 13:15ean hasiko den partida interesgarrian, ligako hirugarren postua baitute jokoan bi taldeek. Xotak klubaren eguna izendatu du igandeko partida, eta, hortaz, bazkideek sarrera erosi beharko dute, prezio murriztuan.