Itxipuru, elkarlanean

Guaixe 2019ko mar. 26a, 08:34
Itxipuruk antolatutako bigarren eskuko azoka bat.

Iruñeko Apoyo Mutuo eta Altsasuko Ayuda Contenedores taldeekin elkarlanean ari da.

Itxipuru taldearen jarduna urtaro bakoitzean antolatzen duen bigarren eskuko azokagatik egin da ezaguna. Horiek antolatzeko herritarrek emandako objektuak jaso, sailkatu eta gero merke saltzen dituzte. Ateratako dirua elkartasun proiektu bat aurrera ateratzeko bideratzen da. Kontsumoaren inguruan hausnarketa bultzatu eta objektuen berrerabilpena sustatu nahi du azoka horien bidez Itxipuru taldeak.

Jasotzen duten guztia ez dute azoketarako gordetzen, ordea. Gobernuz kanpoko bi erakunderekin ari da lanean. Alde batetik, Iruñeko Apoyo Mutuo dago, Nafarroako Elikagai Bankuarekin hitzarmena duena. Errotxapeako Matesa eraikinean dute egoitza. Elkarteak 180 familiari baino gehiagori (500 pertsona pasa) jatekoak banatzen dizkie. “Jende gehienak bankuekin arazoak izan ditu eta askok etxebizitzak galdu dituzte. Hipotekak Kaltetutakoen Plataformarekin, Alde Zaharrekoarekin elkarlanean ari dira”, azaldu digute Itxipurutik. Elkarteak arropategi bat du eta arropa euro baten truke ematen dute. Eta jasotzen dituzten altzariak administrazioarengandik jantzi gabe dauden pisuak jaso dituzten familiei ematen dizkiete. Apoyo Mutuoko kideak hilabetero Irurtzunera etorri eta Itxipuruk jasotakoa eramanen du. Hala ere, taldeak azoketarako zenbait arropa eta liburuak gordeko ditu.

Bestalde, Itxipuru taldea Altsasuko Ayuda Contenedores elkartearekin elkarlanean ari da. Elkarte horrek hainbat herrialdetara materialez betetako edukiontziak bidaltzen ditu. Eta Irurtzungo taldeak haiek betetzen laguntzen die.  

Bilketa eguna
Asteartero, 11:00etatik 13:00etara, jendeak emandakoa euren egoitzaren atean utzi dezakete, gero euren jasoko dute. Bestela, 620 254 230 telefonora hots egin daiteke.