Saldisek azken segundotan berdintzea lortu zuen

Guaixe 2019ko mar. 25a, 13:47

Movistar Interren kontra bosna berdinduta, hirugarren postuari eusten dio Osasuna Magnak. Asteburuan derbia jokatuko du Aspil Vidal Ribera Navarrarekin, Tuteran

Asteburuan lehen mailako areto futboleko 26. jardunaldia jokatu da. Sailkapenean hirugarrena den Osasuna Magna Xotak arerio zuzena hartu zuen atzo Anaitasunan, Movistar Inter talde madrildar ahaltsua. Ikusmina handia zen, sailkapeneko hirugarren postua baitzegoen jokoan.

Imanol Arregiren mutilei erremontatzea tokatu zitzaien ia partida guztian barna. Elisandrok aurreratu zuen Inter Movistar, eta berdintzea lortu zuen Adri Ortegok. Bigarrena sartu zuen atzera ere Interrek, eta 2 eta 1 galduta joan ziren atsedenaldira bi taldeak. Baina bigarren zatia hasi eta berehala, bina berdintzea lortu zuen Osasuna Magnak, Adri Ortegok bigarrena sartu baituen. Orduan aurreratu ziren lehenengoz Imanol Arregiren mutilak, Alex Llamasek sartutako gol bati esker, baina gutxi iraun zuen pozak, hirura berdindu baitzuen Interrek eta berehala laugarrena sartu baitzuen. Rafa Usinek laura berdindu zuen, baina atzera ere aurreratzea lortu zuen Inter Movistarrek, Elisandrok bosgarren gola egin eta gero. Partida horrela despedituko zela zirudienean, Dani Saldise irurtzundarra izan zen protagonista, partida despeditzeko 10 segundo falta zirenean bosgarren gola sartu baitzuen, berdinketarena. Horrela, puntu banaketarekin despeditu zen partida.

“Denetatik gertatu ahal izan da, baina berdinketarekin despeditu da partida” azaldu zuen partida bukaeran Imanol Arregik, partida horren konplikatuan puntu bat lortzearekin konforme.

Derbia Tuteran
Barça Lassa da lehen mailako liderra (58 puntu) eta Osasuna Magnak eusten dio hirugarren postuari (52 puntu), Movistar Inter laugarrenari puntu bat aterata. Hurrengo jardunaldian sailkapenean zortzigarrena den Aspil Vidal Ribera Navarra taldearekin derbia jokatuko du Osasuna Magnak, igandean, 10:00etan, Tuteran. Partida zuzenean ikusi ahal izango da Teledeporte telebista katean.