Heldu den astean hasiko igerilekuko aldagelak konpontzen

Guaixe 2019ko mar. 30a, 10:18
Irurtzungo igerilekua.

Parte hartze aurrekontuen bidez irurtzundarrek udalaren 35.000 euro lan horietara bideratzea erabaki dute.

Bederatzigarren urtea izan da irurtzundarrek udalaren diru sail bat, 35.000 euro aurten, zertara bideratu behar zen erabaki behar zutela. Berriki egindako aukeraketa prozesuaren ondoren igerilekuetako aldagelak konpontzea erabaki zuten irurtzundarrek. 127 botorekin babes gehien lortu zuen aukera izan zen. Aitor Larraza Carrera alkateak jakinarazi digunez, lanak heldu den astean hasiko dira, uda sasoirako prest egon dadin azpiegitura.

Beste hiru lan ere aukeran zituzten irurtzundarrek: plazako frontoiaren atzeko haurrendako jolas parkea handitzearen alde 103 boto izan ziren; frontoi atzeko aparkalekua porlanarekin edo asfaltoarekin hobetzearen alde 98 boto eman zituzten eta, azkenik, frontoi estaliko berogailua gaur egungo beharretara egokitzearen alde 67 boto izan ziren.

Bestalde, Larrazak jakinarazi digu Bi Ahizpe kaleko lanak ostiralean despedituko direla. Arkitektura oztopoak kendu eta eraikinetako euri-urak hartzearekin batera zorua berritu dute.

Parte hartze aurrekontuetan orain arte aukeratutako proiektuak
2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu.
2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu.
2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu.
2014 Atakondoak aldagelak.
2015 Karpa.
2016 Anbulantzietarako sarbidea egokitzea.
2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea.
2018 Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea.
2019 Igerilekuetako aldagelak konpontzea.