Derbia Tuterakoendako

Guaixe 2019ko api. 1a, 11:37

Lehen mailako areto futboleko derbian Aspil-Vidal Ribera de Navarrak 4 eta 2 irabazi zion Osasuna Magna Xotari. Imanol Arregiren taldea hirugarren postutik laugarrenera jaitsi da eta larunbatean Barça Lassa liderra hartuko du Anaitasunan

Atzo lehen mailako areto futboleko derbia jokatu zen Tuteran, Aspil-Vidal Ribera de Navarraren eta Osasuna Magna Xotaren artekoa. Giro ederra izan zen Tuteran eta bi taldeetako jokalariek Aspil-Vidaleko Pedro jokalaria izan zuten gogoan, kiste-zerbikal bat kentzeko ebakuntzatik osatzen ari den jokalaria.

Printzipioz, eta sailkapenari begiratuta, hirugarren postuan zegoen Osasuna Magna zen derbia irabazteko hautagai nagusia, baina hasieratik Erriberakoek ederki estutu zuten talde irurtzundarra. Egia esan, hobeto aritu zen Aspil-Vidal. Ederki estutu zuen Osasuna Magna, ongi jokatu zuten, bikain defendatu zuten eta jokoan zeuden hiru puntuak lortu zituzten, Imanol Arregiren mutilei 4 eta 2 irabazi eta gero. Aldiz, Osasuna Magnak ez zuen bere tokia aurkitu partidan, lehen zatian bereziki.

Erriberakoak laugarren minuturako aurreratu ziren. Ederki presionatu zuten Aspil-Vidalekoek, eta Osasuna Magnakoek, aldiz, ez zuten hutsunerik topatzen aurrera egiteko. Horrela, atsedenaldirako 3 eta 0 aurreratu ziren Tuterakoak. Bigarren zatian Eric Martelek Osasuna Magnako lehen gola sartu zuen eta Aspil-Vidaleko zaleak urduritzen hasi ziren, Imanol Arregiren mutilen erremontada etorriko ote zelakoan. Baina Ferran Tuterakoen laugarren gola sartu zuen eta Osasuna Magnaren asmoak zapuztu zituen. Partida bukatzeko 10 minuturen faltan Imanolek atezain-jokalariaren formula erabili zuen, baina Aspilek ongi defendatzen jakin zuen. Eric Martelek bigarrena sartu zuen partida bukatzeko 8 minuturen faltan. Osasuna Magnakoek gol jokaldi ederrak sortu zituzten, baina Aspil-Vidaleko ateko zurtoinek haien asmoak zapuztu zituzten eta hiru puntuak Tuteran gelditu ziren.

Tuterako taldea nagusi izan zela onartu zuen Imanol Arregik partida bukaeran eta bere taldea gaizki aritu zela, “desordenatua, defentsa intentsitate gutxirekin. Horrela zaudenean galtzea da arruntena. Berdintzea ere ez dugu merezi izan” aitortu zuen entrenatzaileak. “Lehen zati oso txarra egin dugu eta hau denboraldiko partida okerrena izan da, Cartagenekoa salbu. Aspil-Vidalekoek partida ona egin dute eta haiek zoriontzea, ez dago besterik”.

Laugarren postura jaitsi
Horrela, 27. jardunaldiko partida galdu eta gero, hirugarren postua galdu du Osasuna Magna Xotak. Barça Lassa da liderra (61 puntu), El Pozo Murcia bigarrenarekin puntutara berdinduta, eta hirugarren Movistar Inter da, 54 punturekin. Aldiz, hirugarren postutik laugarren postura jaitsi da Osasuna Magna, 52 posturekin.

Eta larunbatean, hain zuzen ere, Barça Lassa liderra hartuko du Osasuna Magna Xotak Anaitasunan, 18:00etan hasiko den partidan. Barçak lehen postua du jokoan eta Osasuna Magnak, aldiz, 3. postua berreskuratzea. Beraz, tentsio handiko partida aurreikusten da. Bazkideek ere sarrerak erosi beharko dituzte, prezio merkeagoan, partida ez baitago urteko abonuan jasota.