Duela bost urteko “ideia zoro bat” izan zena bost urte bete ditu: Larrazpi Eguna. Bazkaria hartuko du gazte elkarteak 14:00etan. Mahaitik jaso gabe, 16:00etan, mus eta partxis txapelketak jokatuko dituzte. Elkartetik 18:00etan atera eta tabernaz tabernako gurdi-poteoa eginen dute. Eguna despeditzeko 22:30etan musika jaialdia hasiko da: Bourbon Kings, Txartoak, Alerta Gorria, Egurra ta Kitto eta DJ Jotatxo. Egunaz disfrutatzeko gonbidapena luzatu dute Irurtzundik.
Julen Iragi, Larrazpi elkarteko kidea
Noiztik dago Irurtzungo Larrazpi gazte elkartea?
Zehazki noiztik dagoen ez dakigu. Hasiera batean beste kutsu bat izan zuen, baina gazte elkarte gisa ez dakigu noiz hasi zen zehazki. Baina gutxi gorabehera 40-45 urte. Larrazpi beti izan da Irurtzungo gazteen elkargunea, belaunaldiz belaunaldi. Ez du kutsu jakinik. Belaunaldi bakoitzak nahi bezala erabiltzen du.
Zein da zuen funtzionamendua?
Betiko elkartearen egitura mantentzen dugu, badago junta bat, idazkari bat… Lanak banatu egiten ditugu. Bakoitzak lan batzuk hartzen ditugu. Eta denen lanarekin, pixka bat autogestioarekin, aurrera jarraitzen dugu. Juntakoak hilabetero elkartzen gara, gutxi gorabehera. Hilabete honetan Larrazpi Eguna dugula, agian bilkura informalak egiten ditugu. Eta urtean behin edo bitan, kasuak kasu, batzar orokorrak egiten ditugu.
Zein adin tartekoak elkartzen zarete Larrazpin?
18-20 eta 30 urte artekoak.
Zeintzuk dira zuen helburuak elkarte bezala?
Helburu nagusia da herriko gazteak elkartzea, guztien artean giro ederra sortzea eta, gero, herriari kultur ekarpena egitea. Batzuetan, agian, hitzaldiak antolatzen ditugu, politikoagoak. Baina helburu nagusia herriari bizitasuna ematea da.
Udalarekin eta herriko beste eragileekin harremanetan zaudete?
Udalarekin erlazio formala dugu. Batzuetan haien azpiegitura erabiltzen dugu gure gauzak antolatzeko. Eta, badakizu, diru kontuak eta horrelakoak. Herriko beste eragileekin, adinagatik, elkartzen gara gazte asanbladarekin gehien bat; gauzak partekatzeko, elkar laguntzeko…
Irurtzunen Larrazpi gazte elkartea eta gazte asanblada dituzuelako, ezta?
Larrazpi betidanik izan da eta Irurtzun Arakilgo Gazte Asanblada (IAGA) duela urte gutxi sortu zen. Agian helburuak antzekoak izan daitezke, baina, beno, horrela da: Irurtzunen berezitasun bat. Elkarrekin gauzak egiten ditugu. Nahiz eta elkarrekin kartel bat ez atera, elkar laguntza dago beti. Esaterako, Maravillas gaztetxearen aldeko pintxo-pote bat egin genuen elkarrekin ilbeltzean. Elkarrekin bagoaz gauzak antolatzen.
Nolako jarduerak antolatzen dituzue?
Urtero kirol txapelketaren bat antolatzen dugu. Irurtzungo festa guztietan kontzertuak antolatzen ditugu, pintxo-poteak antolatu izan ditugu, noizean behin hitzaldiren bat, Emakumeen Jardunaldien harira frontenis txapelketa antolatu genuen… Ez dugu egutegi finkorik. Ideiak sortu ahala gauzatzen saiatzen gara.
Herriko gazteen topaleku zaretela esan daiteke?
30-35 gazte biltzen gara Larrazpin. Gure elkartea da. Irurtzunen azken urteetan gazte-bajeren loraldia egon da. Bajeretako jende hori ere Larrazpira hurbiltzen da. Larrazpin kuadrilla oso desberdinak elkartzen gara eta hori ongi iruditzen zaigu.
Korrikarako zer antolatu duzue?
Aurten astelehena tokatu denez, ez dizu hainbeste joko ematen arratsaldez edo gauez gauzak antolatzeko, egunari jarraitasuna emateko. Hitzordua Larrazpin jarri dugu astelehenean. Autoz, korrika, bizikletan… nahi den moduan joanen gara. Kilometroa Aginagan daukagu. IAGArekin batera eginen dugu korrika, elkarrekin. Hori da aurtengo Korrika-plana, sinplea, baina ahal dena.