'Soka' antzezlana gaur Irurtzunen

Guaixe 2019ko api. 5a, 09:54

Mikel Gurrearen lehenengo antzezlana, 'Soka (cuerda)', izanen da gaur, ostirala, Irurtzungo kultur etxean, 20:30ean. Eskola jazarpenari buruzko antzezlana da

Irudi ilunak, beldurgarriak, akerrak eta ikustezinak emanen dio hasiera Soka antzezlanari, Mikel Gurrea antzezlanaren egilearen esanetan. Irudi honekin haurtzaroan pilatutako beldur guztiak islatu nahi ditu. Izan ere, Soka antzezlanaren oinarrian "eskolan jazarpena sufritu eta jasaten dutenak, haien senideak eta horri aurre egiteko allnean diharduten guztiak" daude. Bullyng-aren inguruko kontaketa bat da: "errua eta erantzukizunaren arteko muga horretan kokatu dut istorioa". Gaur, 20:30ean, Irurtzunen egonen da. Sarrerek 6 euroko prezioa dute. Gaztelaniazko bertsioa eginen dute.

Mikel Gurrea egilea Hattie Naylor antzerkigile ingelesan eta Thomas Vinterberg zinemagile danimarkarraren lanetan oinarritu da Soka antzezlana egiteko. "Haien erritmoa, egitura eta ausardia" izan dira Gurrearen lehenengo antzezlan hau osatzeko inspirazioa. Iñaki Rikarte da eskolaren jazarpenaren sokari tiraka arituko dena, hau da, Igor pertsonaiaren papera egiten duen aktorea. Fernando Bernues da zuzendaria.

Eskolan jazapenari buruz gogoeta egitea da egilearen helburua. Gainera, ikus-entzuleak ohartarazten ditu: "ondorio edo erantzun zehatzik gabeko gogoeta izanen da".

Sokaren emanaldia Nafarroako Arte Eszenikoen zirkuituaren bukaera emanaldia izanen da. Urrian eta azaroan hainbat ekimen antolatu dituzte Nafarroa osoan. Zikloaren helburuetako bat arte eszeniko minoritarioak bultzatzea da, eta egitaraua osatzeko antzerki ausartagoengatik apustu egiten duten konpainiak kontuan hartzen dituzte.