Osasuna Magnak Barça Lassa liderra mendean hartu zuen

Guaixe 2019ko api. 8a, 12:00
Argazkia: Xota.

Bynhok ate propioan sartutako golari buelta eman eta 3 eta 2 irabazi zioten irurtzundarrek Barçari

Osasuna Magna Xotak Barça Lassa liderra hartu zuen larunbatean Anaitasuna pabilioian. Partida garrantzitsua zen bi taldeendako, euren goiko postuei eustea baitzen bi taldeen helburua. Gauzak ez ziren batere ongi hasi Imanol Arregiren mutilendako, partida hasi eta zaleak oraindik eseri egin ez zirenean, lehen minutuan, Bynhok ate propioan gola sartu baitzuen, Barçako Esquerdinharen pase bat gelditzerakoan, zorigaiztoko jokaldi batean, baloiak Osasuna Magnaren atean bukatu baitzuen. Egoera izugarri konplikatu zitzaien nafarrei, baina Osasuna Magnakoek egoerari buelta ematen jakin izan zuten.

Barçak jokaldi arriskutsuak sortu zituen baina Osasuna Magnak ongi erantzun zuen eta, gutxika, intentsitate gehiago sartu zion partidari. Aukerak izan zituzten berdeek, baina Barçako atezaina bikain aritu zen. Egoera okertzeko, Roberto Martil lesionatu egin zen. Eta 0 eta 1 galtzen joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian erasoan jarraitu zuen Osasuna Magnak, baina Barçako atezain Didacek geldialdi bikainak egin zituen. Kosta zen, baina 27. minutuan bana berdintzea lortu zuen Dani Saldisek. Eta poza are handiagoa izan zen minutu bat beranduago Eric Martelek Osasuna Magna 2 eta 1 aurreratu zuenean. Eta bi minutu ondoren, hirugarrena sartu zuen Rafa Usinek. Beraz, hiru minututan hiru gol sartu zituzten berdeek.

Barça saiatu zen, eta 29. minutuan bigarren gola sartu zuten. Baina, zorionez, markagailua ez zen gehiago mugitu eta hiru puntuak eta sailkapeneko laugarren postua Iruñean geratu ziren.

Pozik zegoen Imanol Arregi. “Derbian galdu genuen, ez ginen Xota izan, eta haserre geunden. Baina gaur atzera ere Xota izan gara eta merezitako garaipena lortu dugu” azaldu zuen entrenatzaile irurtzundarrak. “Jokalariak ikusgarri aritu dira” gaineratu zuen. “Hemendik aurrera, bukaera arte, perfektu aritu beharko dugu gelditzen zaizkigun bi partidak irabazi eta hirugarrenak izan ahal izateko” aipatu zuen.

Sailkapenean, Barça da lehen mailako liderra (64) eta Osasuna Magna laugarrena da (55 puntu). Asteburuan atseden hartuko du ligak. Hurrengo jardunaldian, apirilaren 20an, sailkapenean 15.a den Naturpellet Segoviaren kontra jokatuko du talde berdeak Segoviako Pedro Delgado pabilioian, 18:30ean.