Osasuna Magna Xotak hirugarren postuan despeditu du liga!

Guaixe 2019ko api. 29a, 13:17

Postu horri esker, play-offetako final laurdenetan Jaen Paraisoren kontra kantxa faktorea alde izango du Imanol Arregiren taldeak

Osasuna Magna Xotak historia egiten jarraitzen du. Larunbatean, ligako 30. eta azken jardunaldian Levanteri 4 eta 1 irabazi zion talde berdeak, eta garaipen horri esker, Lehen Mailako 2018/2019 liga hirugarren postuan bukatu du Imanol Arregiren taldeak. Barça Lassa izan da liderra (67 puntu), El Pozo Murcia bigarrena (62 puntu) eta Osasuna Magna Xota hirugarrena (59 puntu). Horretaz gain, etxean ligako talde onena izan da talde berdea. Beraz, larunbatean gogoz ospatu zuten jokalari berdeek lortutakoa.

Levanteren kontra bikain aritu zen talde berdea. Hala ere, Levante aurreratu zen, bosgarren minutuan Jorge Santosek sartutako golari esker. Baina Osasuna Magnak egoerari buelta eman zion. Asier atezaina Eduk ordezkatu zuen, eta portugaldarrak ongi egin zuen bere lana. Talde irurtzundarrak gora egin zuen eta minutu bat pasata berdintzea lortu zuen Dani Saldise irurtzundarrak, kontraerasoan. Eta segidan etorri ziren beste golak, Araçak, Rafa Usinek eta Bynhok  lortutakoak. Merezitako garaipena lortu zuten irurtzundarrek,. Movistar Inter aurreratu eta ligako hirugarren postua eman ziena. Horretaz gain, etxean ligako talderik onena izan da Imanol Arregirena. Guztia Anaitasunan bildu ziren 1.800 zalerekin ospatu zuten Osasuna Magna Xotakoek, lesioaz osatzen ari den Roberto Martil kapitain irurtzundarra buru zela.

Imanol Arregi lortutakoarekin pozez zoratzen zegoen. ʺHau ikusgarria da. Aurtengo liga erregularra sekulakoa izan da. Ez dakit halako hirugarren postu bat lortzeko aukera izango dugun; hortaz, ospatu dezagun” zihoen entrenatzaile irurtzundarrak.

Gogoratu beharra dago liga hasiera nahiko kaxkarra izan zuela Osasuna Magna Xotak, eta egoerari buelta ematea eta liga erregularrean hirugarrena sailkatzea handia izan da. ʺHirugarren postu hau justua da, jokalariendako saria, beraiek baitira honen guztiaren arduradun nagusiak. Orain pastelari ginda jartzea tokatzen zaigu” gaineratu zuen Imanol Arregik.

Play-offetan Jaen Paraiso Interior izango du aurkari Osasuna Magnak
Izan ere Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako titulua erabakitzeko play-offen txanda helduko da segituan. Ligan lehen zortzi postutan sailkatu diren taldeak sailkatu dira play-offetarako: Barça Lassa, El Pozo Murcia, Osasuna Magna Xota, Movistar Inter, Palma Futsal, Jaen Paraiso Interior, Aspil Vidal Ribera Navarra eta Levante. Hirugarren postuan sailkatzeari esker, Jaen Paraiso Interior taldearen kontra play-offetako final laurdenetan kantxa faktorea alde izango du Osasuna Magna Xotak. ʺJaen arerio gogorra da, baina egia esan, edozeinek irabazi ditzake play-offak” adierazi zuen Imanolek.

Play-offetako final laurdenak maiatzaren 11tik 19ra jokatuko dira, hiru partidetara. Finalerdiak maiatzaren 25etik ekainaren 3an jokatuko dira, formatu berberarekin, eta finala 5 partidetara jokatuko da, ekainaren 8tik 22ra.