1.363 mendizale Sakanako Ibilaldian

Guaixe 2019ko api. 29a, 14:48

Irurtzungo Iratxok antolatutako Sakanako Ibilaldiak 30 edizio bete zituen larunbatean eta parte-hartze errekorra izan zuen. Lehenengoz, mendizale gehiagok Ibilbide Motza aukeratu zuen Ibilbide Luzea baino. Pello Alzueta gogoan izan zuten Iratxokoek

Larunbata fresko esnatu zen, baina goizean goiz altxatu, Irurtzunera hurbildu eta guztira 1.363 mendizalek hartu zuten parte Iratxo elkarteak antolatutako 30. Sakanako Ibilaldian. Data borobila zen, 30. edizioa, eta data borobil horrek parte-hartze errekorra ekarri zuen: 1.416 zeuden izena emanda, eta horietatik 1.363 mendizalek osatu zuten martxa. Aurreko urtean baino 200 mendizale gehiago aritu ziren Iratxoko mendi martxa ez lehiakorrean.

Hiru ibilbide ditu Sakanako Ibilaldiak: Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela, San Donato, San Migel eta Trinitatea batzen dituena), Ibilbide Motza (25,5 km, 1.440 m desnibela, Egiarreta, Madotz, Larrazpil eta Trinititatea batzen dituena), eta Ibilbide Txikia (14 km, 736 m desnibela, Trinitatea, Latasa eta Arrantzaleen xenda batzen dituena). Ibilaldi Luzea Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan eta Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituan sartua dago eta Ibilbide Txikia Nafarroako Txapelketarako baliagarria zen. Orain arte mendizale gehienek ibilbide luzeena aukeratzen zuten, baina aurten, lehen aldiz, Ibilbide Motza aukeratu zuten gehienek, 560 mendizalek. Ibilbide Luzea, 3 ermitak batzen dituena, 488 mendizalek aukeratu zuten eta Ibilbide Txikian, familian egitekoan, 315 mendizalek osatu zuten. Beraz, mendiak badu etorkizuna.

Aurten Manolo Morenok koordinatu zuen Sakanako Ibilaldia. Iaz zendutako Pello Alzuetaren tokia hartu zuten Morenok eta Iratxoko gainontzeko kideek, baina joandako laguna alboan sentitu nahi izan zuten irurtzundarrek eta bere argazki erraldoi bat jarri zuten Irurtzungo plazan, helmugan.

Iratxotik azaldu zutenez, ibiltzeko eguraldi ideala zen larunbatekoa: freskoa eta tarteka txiri-miria. Ibilbide luzea egiteko 11-12 ordu behar izaten dira, baina korrika egin zutenek ia denbora erdian osatu zuten ibilbidea. Dena den, mendi martxa ez lehiakorra dela nabarmendu zuten Iratxokoek. Beste behin, mendizaleen festa izan zen Sakanako Ibilaldia, eta ibilbidearen edertasuna eta antolakuntza bikaina nabarmendu zuten parte-hartzaileek. Guztia bikain ateratzeko 60 pertsona baino gehiago aritu ziren lanean, eta antolakuntzatik aipatu zutenez, ez zen aparteko arazorik egon, bihurrituren bat eta aparteko ezer gehiago.