Irurtzungo Kirol Jardunaldiak martxan

Guaixe 2019ko mai. 3a, 11:13

Besteak beste, Irurtzungo txirrindularitzaren historiari buruzko argazki erakusketa, Ipe Lizarragak Fiordoetan egindako mendi eskiari buruzko hitzaldia, Juanma Oliasen motorraren eta Garikoitz Goñiren autoaren erakusketa eta mahai ingurua, Sakanako Ibilaldiaren 30. urteurrenagatik Xabi Unanuak egindako bideoaren aurkezpena eta La Peluso zikloturismo martxa antolatu dituzte



rurtzungo Udaleko Kirol Batzordeak, Irurtzungo talde eta kolektiboekin batera, Irurtzungo Kirol Jardunaldiak antolatu ditu, gaur, ostiralean hasi eta maiatzaren 11n despedituko direnak. Ohiko kirol ezagunez gain beste kirol asko badaudela eta kirol horiek Irurtzunen eta Arakilen jarraitzaile asko dituztela argi erakutsi du aurten antolatu duten programazioak.

Gaur, Ipe Lizarragaren Norvegia
Gaur, ostiralean, hasiko dira Irurtzungo Kirol Jardunaldiak. Batetik, gaurtik maiatzaren 11ra bitartean Barazkigune Karpan argazki erakusketa izanen da goizeko 9:00etatik 19:00etara, ʺ1969-1989 Irurtzungo txirrindularitzaren historia” jasotzen duena. Eta bestalde, 19:30ean, Ipe Lizarraga mendizale eta eskiatzaileak beste taldekide batzuekin Norvegian burututako egitasmo bati buruzko proiekzioa eta hitzaldia eginen du Irurtzungo Kultur Etxean: ʺNorvegiako Fiordoetan Mendi Eskian”. Fiordoetan eskian aritutako abenturez elebitan ariko da Lizarraga eta sarrera librea izanen da.

Olias eta Goñi, asteazkenean
Maiatzaren 8an, asteazkenean, motoziklismoak eta automobilismoak izanen dute protagonismoa. Juan Mari Olias motoziklismo pilotuak (Olias Racing Team) eta Garikoitz Goñi automobilismo pilotuak, Arakil Motorsport Eskuderiako presidenteak, beraien lehiaketetako motorra eta autoa jarriko dituzte ikusgai Irurtzungo Kultur Etxe parean, 16:00etatik 20:30era. Puntako motorra eta autoa zuzenean ikusi eta galderak egiteko aukera izanen dute bertatik pasatzen direnek. Ondoren, ʺMotoziklismoa eta automobilismoa Irurtzunen eta Arakilen” izenburupean, Javier Mariñelarenak gidatuko duen mahai inguruan parte hartuko dute Juan Mari Oliasek eta Garikoitz Goñik, 19:30ean, Kultur Etxean.

Ostegunean Sakanako Ibilaldia 30 urte bideo aurkezpena
Maiatzaren 9an, ostegunean, Iratxo elkartea izango da protagonista. Sakanako Ibilaldiak 30 urte bete ditu aurten, hain zuzen ere aurreko larunbatean, parte-hartze errekorrarekin: 1.363 mendizale. Sakanako Ibilaldiaren 30 urte hauetako historia jasotzen duen bideo ederra prestatu du Xabi Unanua irurtzundarrak, eta bideoaren proiekzioa eginen dute ostegunean, 19:30ean, Irurtzungo Kultur Etxean. Horretaz gain, urte luze hauetako pasadizoak gogoratzeko parada izanen da bideoaren ondorengo hitzaldian.

La Peluso martxa zikloturista, maiatzaren 11n
Irurtzungo Kirol Jardunaldiak despeditzeko, hurrengo larunbatean, maiatzaren 11n, ʺLa Peluso” martxa zikloturista antolatu dute, goizeko 8:30etik aurrera Irurtzungo Foru Plazatik abiatuko dena. Martxa burutzen den bitartean, zumba eta spinning erakustaldia izango da plazan, mailloten eta argazkien erakusketa eta beste.