Irurtzungo festak iragarriko dituen irudiaren bila

Guaixe 2019ko mai. 7a, 09:07
Erraldoiak 2018ko Irurtzungo festen hasieran. ARTXIBOA

Irurtzungo udalak uztaileko festetako XXIX. Herri kartel lehiaketa martxan jarri du

Irurtzungo festak uztailaren 17tik 21era ospatuko dira, eta dagoeneko prestakizunekin hasi dira. Hortaz, festak iragarriko dituen kartela aukeratzeko prozesua martxan jarri dute. Irurutzundarrek maiatzaren 31ra arte aukera dute proposamenak aurkezteko.

Kartel lehiaketara aurezten diren lanek Irurtzungo festei lotutako gai bat irudikatu behar dute. Gainera, IRURTZUNGO JAIAK Uztailak 17-21 Julio 2019 FIESTAS DE IRURTZUN testua derrigorrean agertu behar da. Hiru kategoria bereizten dira: 5 eta 10 urte bitarteko haurrak, 11 eta 14 urte bitartekoak eta helduen modalitatean 15 urte gorakoak. 2019Ko urtarrilaren 1ean Irurtzunen erroldatutako orok parte har dezake.

Proposamenen neurriak kategorien arabera aldatzen da, beraz, helduen kategoriako parte hartzaileek 42x60 zm-ko (zabalera x luzera) irudia aurkeztu behar dute kartulina edo euskarri gogor batean. Haurren kategorietako lanek, aldiz, 29,5x42 zm-ko (A3) neurriak izan behar dituzte eta kartulina batean aurkeztu behar dira.

Lanak Irurtzungo udaletxean aurkeztu behar dira maiatzaren 31aren 14:00a baino lehen. Epaimahaia Irurtzungo jai batzordeko kideek osatuko dute eta ekainean jakinaraziko da kartel irabazlea. Sariak 75 eta 400 euro bitartekoak izango dira: lehenengo kategorian 75 euro, bigarren kategorian 100 euro eta helduen kategorian 400 euro.