"Nik nire mundua hemen daukat"

E. Carreño eta E. Ruiz 2019ko mai. 10a, 13:49

Benito Lertxundi eta bere bandako musikariak kontzertuan. UTZITAKOA

'Ospakizun gauean' diskoaren kontzertua eskainiko du Benito Lertxundi abeslariak bihar, 22:00etan, Irutzungo Atakondoa pilotalekuan. Aurretik Beleixe irratian (FM 107,3) diskoaren nondik norakoak azaldu ditu

Euskal Herrian nonahi, baina kanpo kontzertuak ez omen dituzu ematen. Zergatik?
Euskaraz kantatzen dugunok kanpoan ez gara oso ezagunak. Agian orain ezagunagoak gara. Kanpoan kantatzeko, hasteko, bidaia luzeak egin behar dira eta gu jende asko gara. Munduan zehar kontzertuak emateko prest nago, baina hemengoen maila izan behar dute. Kanpora joaten garenean garestitu egiten da dena eta antolatzea oso astuna da. Ezinezkoa izaten da. Baina gauza duin bat egiteko prest nago. Duela hiru urte Parisen egon ginen eta baldintzak oso onak izan ziren. Nik nire mundua hemen daukat. Mundua ez da txikia edo handia, egiten duzuna da.

Kontzertuetarako lekuak aukeratzen lehentasunak dituzu?
Hartuta baldin badaukat toki bat, hori beti da lehena. Ez diot uko egingo, pisuzko arrazoi bat ez badago. Moskutik deitzen badidate, beste egun batean izan beharko da.

Baina zuzenekoak egiteko tokiek baldintza batzuk bete behar dituzte.
Talde handia gara. Hamar bat lagunez osatuta. Gertatzen dena da pertsona bat sartzen dela eta urteekin gurekin jarraitzen duela. Norberak egin behar du toki horretan ahalik eta ondoen. Aspaldidanik hasi nintzen gauza askori uko egiten, eta gauza askori uko eginak ekarri dit gero nolabait pedagogia pixka bat egitera. Jendeari erakusteko gauzak ez direla edozein tokitan egiten. Ahalik eta toki egokienean egin behar dira. Hau da, kantuari, beste gauza askori bezala, bere tokia, bere etxea, egin behar zaio. Tenpoa deitzen diodana. Norberak ez badu bere lana zaintzen inork ez du zainduko. Ongi funtzionatzen duen tokietan eta orduetan jotzeak bere uzta uzten du. Bestela, hondatzen ari zara zure lana.

Sei urte diskorik gabe, eta kaleratzen duzunean autoekoizpenez egindakoa izan da. Ausarta izan zara.
Disko bat egiten duzunean, eta asko egin ditugu, ez dakizu zer dagoen disko horren atzetik. Lan bat egiten duzu eta kanpora joateko, jendearengana iristeko, bideratzen duzu. Enpresa bat dago, industria bat, hori egiten duena, eta diskoaren alde hori uzten duzu bere gain. Zer gertatzen den gero emaitza horrekin ere ez dakizu. Kontratu bat egoten da, baina ez da ezer gertatzen. Orduan, beste alde hori ezagutu nahi genuen.

Zer ospatzen duzu gauean?
Gauza asko ospatzen dira. Metafora bat da. Gizakiek, herriek, historian zehar bizi joan-etorrian gauzak ospatu dituzte. Gure buruan dauzkagu ospakizun mota asko. Gure burua estimuluak sortzeko tresneria da ospakizunen mundua. Jaiotzen gara, eta mundu honetara inuxente etortzen gara. Bat batean bideak ematen zaizkigu, eskaintzen zaizkigu, eta bide horietan ohitu egiten gara. Ohiturek pentsatzeko modu bat sortzen dute. Ekipamendua atrofiatzen da eta eratuta dagoen liturgia horretan galtzen gara. Arazo psikologikoak sortzen ohi dira ez dugulako ulertzen zer egiten dugun, eta galdera potolo asko daude. Norberaren begiekin edo adimenarekin gauzak begiratzen direnean, ez dira ospakizunak egiten. Denbora gure pentsamendua da.

Mundu nahasi honetarako soluzioa baketsu izateko arrazoiak izango ez direnean etorriko al zaigu?
Bai. Ez gara konturatzen bakea dela ondorioa. Ondo zaudenean bakean zaude. Galdetu behar diozu zure buruari zergatik ez zauden ongi edo gaizki. Ongi egotea bakarrik egoten da. Desikasten duzunean esentzia aldatzen da, esentzia hori da, sakona.

Desikaste prozesua aipatu duzu. Ikastea bere maila gorenera iritsita desikastea proposatzen duzu. Gure izatea galdu dugulako?
Estali. Kontzientzia galdu. Beharbada heldutasun mailarik handiena jaiotzen garenean dugu. Ikastea ongi dago: lanbidea, ofizioa, ogia irabazteko tresnak... Naturak prestatu digu horretarako. Ohitu behar dugu gure gorputza gauza horiek erraz egiteko. Hori ikastea da. Baina sartzen garenean psikologian, zer egiten du? Gogoak, infinitua den hori, adimena edo sena, estali egiten da. Atrofiatu edo galtzen da. Kontzientzia galtzen da eta besteek diotenaren atzetik egoten zara. Artalde bihurtzen gara eta ez gara konturatzen. Kontzientzia berri bat lortu behar dugu eta, orduan, hasten zara kontzientziaren jabe izaten. Horixe da proposamena.

Bizitzaren adar batzuei buruz hitz egiten duzu diskoan.
Beti gaude pentsatzen, estimuluen bila. Natura horretan egoki gaude. Eta hori disfuntzioa da. Naturak berezko gauzak sortu ditu, beste zenbait helburuekin. Pentsamendua da gure egoa. Guzti hori erlatibizatzen denean eta neurria jartzen zaionean, ez dizu ezerk beldurra ematen. Hil edo bizi, hil eta jaio. Dena berdina da. Beti gara aldakorrak, baina ez gara konturatzen denborak eraman duelako. Bakarrik hiltzen dena jaiotzen da. Baina gauza bat modu batera ospatzen dugu eta bestea beste batera.

Nolakoak dira zure jarraitzaileak?
Adin guztietan, belaunaldi guztietan eta kultura guztietan konstante batzuk daude. Eta nik badudala pentsatu  nahi dut. Bestela aspaldi utziko nion. Kontzertuak posible egiteko jendea egon behar da aurrean. Duela 54 edo 55 urte hasi nintzen kantatzen eta garai horretako publikoa ez dago joan direlako. Beste batzuk zaharkituta daude. Ezinbestekoa da belaunaldi erreleboa.

Etorkizunerako?
Udazkenean disko bat aurkeztu nahi dugu. Badago Madrilgo diskografika batekin grabatutako disko bat, duela hogei bat urte. Ipuin bat kontatzen du. Askotan galdetu didate disko horrengatik. Eta orain autoekoizpenarekin hasi ginenean erabaki genuen disko hori berreskuratzea. Nahi nuen disko hori azaleratzea.