I. La Peluso martxa Irurtzunen

Guaixe 2019ko mai. 10a, 13:10

Irurtzungo Dos Hermanas klubak antolatuta, bihar, larunbatean, goizeko 8:30ean abiatuko da Irurtzundik. Bi aukera daude: 139 km edo 89 km. Martxarekin Irurtzunen txirrindularitza sustatu zuten Jesus Legarra "Peluso", Jose Antonio Martinez eta Pello Alzueta omendu nahi dira

Irurtzungo Dos Hermanas Txirrindularitza Taldeak La Peluso izeneko martxa zikloturista antolatu du bihar, maiatzaren 11n, larunbatean, goizeko 8:30etik aurrera. Peluso, Irurtzunen txirrindularitza bulkatu zuen Jesus Legarraren ezizena zen, eta horregatik hartu dute bere izena txirrindularitza martxari jartzeko. Halaber, aurten Irurtzunen Reynolds taldea zenaren 40. urteurrena betetzen da, eta La Pelusok hainbat helburu ditu: Reynolds taldearen 40. urteurrena gogoratzea, 2017an zendu zen Jesus Legarra omentzea, eta harekin batera Reynolds bulkateko lan itzela egin zuten Pello Alzueta –iaz zendu zen– eta Antonio Martinez omentzea.

La Peluso izeneko martxa zikloturistan, txirrindulariek bi aukera izanen dituzte: 139 km-ko ibilaldia edo 89 km-koa. Bertan parte hartzeko 18 urteko adina izan behar da, gutxienez, eta izena ematea itxita dago dagoeneko. 900 txirrindulari ariko dira.

Ibilbide laburrean, Irurtzundik Errotzera joko dute txirrindulariek, Anotzetik Artetara jo eta Goñiko portua igotzeko. Aizpunetik pasa eta gero, Ultzurrun gaina pasako dute eta ondoren Anotzera joko dute, Errotzetik barna Irurtzunera heltzeko. Ondoren, Etxeberri aldera joko dute, Madotzeko portua igotzeko. Segidan Oderitz, Astitz eta Alli gurutzatuko dituzte, Lekunberrira iritsi eta Mugirorantz joateko. Udabe, Ihaben, Etxaleku, Oskotz eta Ziako gaina pasa eta gero, Irurtzungo bidea hartuko dute, Aizkorbeko bentatik, eta Irurtzungo plazara iritsiko dira, 89 km osatu eta gero.

Eta ibilbide luzekoek laburrekoen ibilbide berbera egingo dute Lekunberrira iritsi arte, baina Mugirorantz jo beharrean, Uitziko porturantz joko dute eta Leitzara, Ezkurrara, Saldiasko portura, eta Orokietara iritsiko dira, Jauntsaratsen Berueteko porturantz jotzeko. Aldatzen Lekunberri aldera egingo dute, Madozko portua igotzen hasi eta Alli, Astitz eta Oderitz gaindituta Madotzera heltzeko. Handik Irurtzungo helmugara joko dute, 139 km egindakoan.  

Erakusketa, zumba eta spinning plazan
La Peluso martxa zikloturista burutzen den bitartean, eta Irurtzungo Kirol Jardunaldiak despeditzeko, zumba eta spinning erakustaldia izango da plazan, mailloten eta argazkien erakusketa eta beste.