Osasuna Magna Xota, play-offei ekitera!

Guaixe 2019ko mai. 10a, 10:15

Lehen Mailako titulua erabakitzeko play-offak asteburuan hasiko dira. Final laurdenetan Osasuna Magnak Jaen du aurkari, 3 partidetara, eta lehen partida bihar, larunbatean, 18:30ean jokatuko dute Jaenen

Apirilaren azken asteburuan despeditu zen Areto Futboleko Lehen Mailako liga erregularra. Liga horretan lehen zortzi postutan sailkatu ziren taldeek jokatuko dute ligako titulua erabakiko duten play-offetan: Barça Lassa, El Pozo Murcia, Osasuna Magna Xota, Movistar Inter, Palma Futsal, Jaen Paraiso Interior, Aspil Vidal Ribera Navarra eta Levante. Play-offetako final laurdenak maiatzaren 11tik 19ra jokatuko dira, hiru partideaara. Finalerdiak maiatzaren 25etik ekainaren 3an jokatuko dira, formatu berberarekin, eta finala 5 partidatara jokatuko da, ekainaren 8tik 22ra.

Hortaz, asteburu honetan play-offetako final laurdenetako lehenengo partida jokatuko da. Imanol Arregiren taldea hirugarrena sailkatu zen liga erregularrean (59 puntu, 17 gararaipen, 8 berdinketa eta 5 porrot), eta postu horri esker, Jaen Paraiso Interior taldearen kontra play-offetako final laurdenetan kantxa faktorea alde izango du Osasuna Magna Xotak. Hortaz, lehen partida Jaengo La Salobreja pabilioian jokatuko da larunbatean, maiatzaren 11n, 18:30ean, eta bigarren partida eta berdinketa egonez gero, hirugarrena, talde berdearen etxean, Iruñeko Anaitasuna pabilioian jokatuko dira.

ʺJaen arerio gogorra da, baina egia esan, edozeinek irabazi ditzake play-offak” adierazi zuen Imanolek liga erregularreko azken partida jokatu eta gero. Osasuna Magnari hirugarren urtez jarraian tokatu zaio play-offetako final laurdenetan Jaenen kontra aritzea. Partida behar bezala prestatzen dabiltza egunotan jokalari berdeak, eta play-offetan ahalik eta urrunera iristea da helburua.

Sarrerak
Osasuna Magnak eta Jaenek maiatzaren 17an 20:00etan Anaitasunan jokatuko duten partidarako sarrerak maiatzaren 15ean jarriko dira salgai. Norgehiagoka ez dago abonoetan jasoa eta, hortaz, abonatu eta bazkideek euren sarrera erosi beharko dute, prezio merkeagoan. Irurtzungo bulegoan abonatuek eta babesleek maiatzaren 15ean erosi ahalko dute sarrera, 18:00etatik 20:00etara, eta gainontzekoek ostegunean, 18:00etatik 20:00etara. Eta berdinketa hausteko hirugarren partida jokatzea beharrezkoa bada, Irurtzungo bulegoan maiatzaren 18an erosi ahalko dira sarrerak, 11:00etatik 13:00etara.