Play-offak: Osasuna Magnak porrot mingarria jaso zuen Jaenen

Guaixe 2019ko mai. 13a, 12:32

Play-offetako final laurdenetan Jaenen kontra ari da talde berdea eta lehen partida galdu egin zuen, 6 eta 3. Ostiralean Iruñean jokatuko den partida irabaztera behartua dago taldea, berdinketa lortu eta igandean hirugarrena jokatzeko

Lehen mailako ligako titulua jokatzeko play-offak hasi ziren asteburuan. Zehatz esanda, play-offetako final laurdenak hasi ziren. Hiru partidatara jokatzen ari dira play-offak, eta Osasuna Magna Xotari Jaen Paraiso Interior taldearen kontra lehiatzen ari da. Lehendabiziko partida larunbatean jokatu zen Jaenen eta aurreikusi gabeko porrot gogor eta mingarriarekin itzuli ziren Imanol Arregiren mutilak, 6 eta 3 galdu eta gero.

Partida hasi eta 4. minutuan aurreratu zen Jaen, Michelek sartutako golari esker. Baina Imanol Arregiren mutilek ongi erantzun zuten eta minutu berberean berdintzea lortu zuen Roberto Martilek. Ondoren, beste bi gol sartu zituzten Martelek eta Araçak, eta 1 eta 3 aurreratu ziren nafarrak. Partida bideratuta zegoela zirudien, baina Jaenek ez zuen etsi eta bere zaleen animoak bulkatuta, markagailuari buelta ematea lortu zuten eta atsedenaldira 4 eta 3ko aldearekin joan ziren andaluziarrak. Bigarren zatian, berdintzera atera ziren irurtzundarrak baina Carlitosek Jaenen bosgarren gola sartu zuen eta partida bukaera aldera seigarrena sartu zuen Jaenek.

Imanol Arregi entrenatzaileak partidaren nondik norakoak azaldu zituen.  ʺOngi ekin diogu partidari eta 1 eta 3ko aldea ateratzea lortu dugu, baina falta asko seinaleztatu dizkigute, horrek kaltetu gaitu eta Jaengoen erremontada erraztu du. Bigarren zatian ongi hasi gara, baina defentsa akats batengatik gola egin digute eta atezain-jokalari formularekin beste gol bat sartu digute”. Ostiralean, 20:00etan Anaitasunan jokatuko den itzuliko partidan du konfiantza Irurtzungo teknikariak. ʺOstiraleko partidan pentsatzen dugu, hura irabazten ez baitugu ez baita egongo berdinketa hausteko hirugarren partidarik. Akatsetatik ikasi beharko dugu, bigarren partida hori irabazi ahal izateko” nabarmendu zuen Arregik. Partida zuzenean ikusteko aukera izanen da LaLigaSportsTV katean.

Osasuna Magna Xotak bigarren partida irabaziko balu, berdinketa hausteko hirugarren partida Anaitasunan jokatuko litzateke, igandean, 13:45ean (LaLigaSportsTV).

Sarrerak
Osasuna Magnak eta Jaenek maiatzaren 17an 20:00etan Anaitasunan jokatuko duten partidarako sarrerak maiatzaren 15ean, asteazkenean jarriko dira salgai. Norgehiagoka ez dago abonoetan jasoa eta, hortaz, abonatu eta bazkideek euren sarrera erosi beharko dute, prezio merkeagoan. Irurtzungo bulegoan abonatuek eta babesleek maiatzaren 15ean erosi ahalko dute sarrera, 18:00etatik 20:00etara, eta gainontzekoek ostegunean, 18:00etatik 20:00etara. Eta berdinketa hausteko hirugarren partida jokatzea beharrezkoa balitz, Irurtzungo bulegoan maiatzaren 18an erosi ahalko dira sarrerak, 11:00etatik 13:00etara.