La Peluso: 965 txirrindulari eta Irurtzungo txirrindularitzari omenaldia

Guaixe 2019ko mai. 16a, 12:20

Irurtzungo Dos Hermanas Txirrindularitza Taldeak larunbatean antolatutako La Peluso martxa ikusgarria izan zen: 965 txirrindulari baino gehiagok hartu zuten parte eta omenaldi beroa jaso zuten Irurtzunen txirrindularitza sustatu zuten Jesus Legarra ʺPeluso” eta Pello Alzuetaren senitartekoek eta Antonio Martinezek, Reynolds taldeko izar ohiak bertan zirela

Irurtzunen txirrindularitzak protagonismoa hartu zuen, aspaldiko partez. Urruti geratzen da Irurtzungo taldetik sortu zen Reynolds taldea, Irurtzunen sortutakoa, 1989an desagertu eta ondoren Banesto, Illes Balears, Caisse d´Epargne eta Movistar izenekin aritu izan dena, gaur egunera arte. Aurten, Reynolds talde horren sorreraren 40. urteurrena bete da, eta urteurren berezi hori buruan, Dos Hermanas Txirrindularitza Taldeak Irurtzunen martxa zikloturista antolatzea erabaki zuen, Reynolds taldearen 40. urteurrena gogoratzeaz gain, Irurtzunen txirrindularitza sustatu zuten Jesus Legarra ʺPeluso” eta Pello Alzueta zirenak eta Antonio Martinez omentzeko. Horrela, ʺLa Peluso” izena jarri zioten martxari, eta izena ematea zabaldu bezain azkar argi ikusi zen arrakasta itzela lortuko zutela, berehala bukatu baitziren salgai jarritako dortsalak. Antolakuntzak berriro ere izena ematea zabaldu zuen, toki gehiagorekin, eta haiek ere bukatu ziren. Horrela, larunbatean 965 txirrindulari baino gehiago bildu ziren Irurtzunen, La Peluso ibilbidea egiteko.

Bi aukera
Bi aukera zeuden: 139 kilometroko ibilaldi luzea eta 89 kilometroko laburra. Ibilbide laburrean, Irurtzundik Errotzera jo zuten txirrindulariek, Anotzetik Artetara jo eta Goñiko portua igotzeko. Aizpunetik pasa eta gero, Ultzurrun gaina pasa zuten eta ondoren Anotzera jo zuten, Errotzetik barna Irurtzunera heltzeko. Ondoren, Etxeberri aldera egin zuten, Madotzeko portua igotzeko. Segidan Oderitz, Astitz eta Alli gurutzatu zituzten, Lekunberrira iritsi eta Mugirorantz joateko. Udabe, Ihaben, Etxaleku, Oskotz eta Ziako gaina pasa eta gero, Irurtzungo bidea hartu zuten eta Irurtzungo plazara iritsi ziren, 89 km osatu eta gero.

Ibilbide luzekoek laburrekoen ibilbide berbera egin zuten Lekunberrira iritsi arte, baina Mugirorantz jo beharrean, Uitziko porturantz jo zuten eta Leitzara, Ezkurrara, Saldiasko portura, eta Orokietara iritsi ziren, Jauntsaratsen Berueteko porturantz jotzeko. Aldatzen Lekunberri aldera egin zuten, Madozko portua igotzen hasi eta Alli, Astitz eta Oderitz gaindituta Madotzera heltzeko. Handik Irurtzungo helmugara jo zuten, 139 km egindakoan. Eguraldia lagun eta giro bikainean, txirrindulariek gozatu ederra hartu zuten.

Aurpegi oso ezagunak
La Peluso martxa egitera hurbildu zirenen artean aurpegi oso ezagunak zeuden, Reynolds taldeko Migel Indurain eta Arroyo, esaterako. Txirrindulariek eurekin argazkia ateratzeko aukera ederki probestu zuten. Omenaldietarako tartea ere egon zen eta oholtza ginera Sanz, Gorospe, Arroyo, Vidales, Esparza, igel Indurain, Errea, Rondan, Jose Antonio Martinez, Etxabarri, Ocaña, Atxa, Iza, Pruden Indurain eta Pelusoren eta Pello Alzuetaren alargunak igo ziren.

La Peluso Martxa zikloturista burutzen zen bitartean, eta Irurtzungo Kirol Jardunaldiak despeditzeko, zumba eta spinning erakustaldia izan ziren plazan, mailloten eta argazkien erakusketa eta beste. Egun borobila.