Osasuna Magna gaur irabaztera behartuta dago

Guaixe 2019ko mai. 17a, 11:50

Play offetako final laurdenetako 2. partida jokatuko du Jaenen kontra gaur, 20:00etan, Anaitasunan (LaLigaSportsTV)

Lehen Mailako Areto Futboleko Txapelketako play-offetako final laurdenetan Jaenen kontra ari da Osasuna Magna Xota, hiru partidara. Lehen partida galdu egin zuten nafarrek aurreko asteburuan Jaenen, (6 eta 3). Gaur, ostiralean, 20:00etan, play-offetako bigarren partida jokatuko dute Osasuna Magnak eta Jaenek Iruñeko Anaitasuna pabilioian, eta bai hala bai irabazi beharrean dago talde nafarra, galduz gero play-offetatik kanpo geratuko delako. Aldiz, irabazten badu, berdinketa lortu eta igandean berdinketa hausteko hirugarren partida jokatzeko aukera izango luke Imanol Arregiren taldeak. Talde berdetik gaur Anaitasunara hurbiltzeko deia egin zaie zaleei, taldea babesteko.

Osasuna Magnak berdinduz gero, hirugarren partida Iruñean jokatuko litzateke, igandean, 13:45ean, Anaitasunan (LaLigaSportsTV).