Play-offak: Osasuna Magna Xota erori da

Guaixe 2019ko mai. 20a, 13:17

Play-offetako final laurdenetako ostiraleko 2. partidan Jaenen kontra irabazi zuen talde berdeak (3 eta 1), baina berdinketa hausteko atzo jokatutako 3. partidan andaluziarrak gailendu ziren

Lehen mailako areto futboleko titulua erabakitzeko play-offetatik kanpo geratu da Osasuna Magna Xota. Eta modu oso mingarrian, gainera. Play-offetako final laurdenetan Jaen Paraiso Interior taldearekin aritzea egokitu zitzaion Imanol Arregiren taldeari, 3 partidetara. Lehen partidan Jaenek irabazi zuen, Andaluzian, eta ostiralean bigarren partida jokatu zen Iruñean. Anaitasunako gotorlekuan primeran jokatu zuen Osasuna Magnak eta garaipen garrantzitsua lortu zuten, 3 eta 1, Rafa Usinek, Eric Martelek eta Dani Saldisek sartutako golei esker. Hortaz, play-offei eustea eta berdinketa hausteko 3. partida jokatzea lortu zuten Imanol Arregiren mutilek.

Atzo jokatu zen partida erabakigarri hori Anaitasunan. Kantxa faktorea alde zuten jokalari nafarrek -2.600 zale bildu ziren Anaitasunan– eta partida hasi baino lehen Espainiako Jubenilen mailako 3. multzoko txapeldunei, Osasuna Xotako gaztetxoei, omenaldia egin zitzaien.

Tentsio handiko partidan, lehia ongi hasi zen nafarrendako, Rafa Usinek Osasuna Magna aurreratu zuelako. Baina Jaen bikain aritu zen; ez zuen partida galdutzat eman, ongi erantzun zuen eta erasoan hasi zen. Osasuna Magnak ere gol aukera ederrak sortu zituen, baina etziren Jaenen atean sartu. Tamalez, bigarren zatian Carlitosek berdinketaren gola sartu zuen 29. minutuan, eta minutu bat beranduago Jaenen bigarrena sartu zuen Brandik. Imanol Arregik Adri Ortega atezain-jokalari jarri zuen, baina estrategia ez zen ongi atera eta  Giasoonek Jaenen hirugarren gola sartu zuen.

Horrela, modu oso mingarrian, play-offetatik kanpo geratu da Osasuna Magna Xota. Aurtengo liga despeditu da jokalari berdeendako. Jota geratu ziren jokalariak, baina Anaitasunako zaleen babesa eskertu zuten. ʺEgin dugun denboraldi bikainari ginda jarri ez izana pena handia da. Oraintxe bertan jota gaude. Edozeinek irabazi ahal izan du, baina Jaenek bere aukerak aprobetxatu zituen eta guk ez. Taldeak dena eman du eta pena handia da” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. Roberto Martil kapitain irurtzundarrak ere  onartu zuen jokalariak ʺjota” zeudela. ʺEsperantza handia genuen. Uste genuen kanporaketa gaindituko genuela, etxean jokatzen baigenuen, baina ezinezkoa izan da. Sekulako kolpea da. Denboraldi bikaina egin dugu, baina oraintxe bertan jota gaude” onartu zuen.