Irurtzundarrek erabakiko dute festei hasiera zeinek eman

Guaixe 2019ko mai. 25a, 09:54

Joan den urtean Patxi Mikeo Ariztimuño kultura eta kirol teknikariak piztu zuen etxajua.

Festen hasierako etxajua zein herritarrek edo taldek botako duen proposatzeko maiatzaren 31ra arteko epea dute.

Irurtzungo Udalak festen hasierako etxajua zeinek bota erabakitzeko part-hartze prozesua jarri du martxan. Irurtzundarrek hilaren akaberara arte dute herriko pertsonak, taldeak edo bertako elkarteen edota Irurtzunen sustapenean parte hartutako pertsonak proposatzeko. Proposamenak kultur etxean utzi edo kulturetxea@irurtzun.eus e-postaren bidez egin beharko dira. Talde edo pertsona bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu dezake. Etxajua botatzeko proposatutako pertsonaren edo taldearen merituak zein diren zerrendatu beharko dira.

Jasotako proposamenak Kultur Kontseiluak garagartzaroaren 5ean eginen duen bileran aztertuko dira eta horietako batzuk aukeratuko dituzte; hiru gehienez, bi gutxienez. Irurtzundarrek www.irurtzun.eus web orriaren, telefono mugikorretarako Irurtzun aplikazioaren bitartez edo udaletxea botoa emateko aukera izanen lukete garagartzaroaren 17tik 24ra. Hautagaitza bakar bat edo bat bera ere ez badago, erabakia Kultur Kontseiluak hartuko du.