Joan den urtean bezala, herriko merkataritzaren aldeko kanpaina martxan jarri du Irurtzungo Udalak. Herrian erosteak dituen abantailak nabarmendu dituzte udaletik. Aurrena, autoa ez hartzeagatik lasaitasuna eta erosotasuna lortzen dela. Hurrena, herriko dendarien hurbiltasuna dago. Gainera, azken momentuko behar bat izanez gero, herriko dendak konponbidea izan daitezkeela azpimarratu du. Atzeneko arrazoia da Irurtzunen erosketak eginez, herriko bizitzan parte hartzearen sentipena sortzen dela.
Udal ordezkarien iritziz herrian erosiz abantaila gehiago lortzen dituzte irurtzundarrek: estres gutxiago izatea eta dendetan adeitasunik onena izatea. Gainera, erosketak herrian egiteak haren garapenean parte hartzea ekartzen du, baita irurtzundarren arteko erlazioak hobetzea ere. Horregatik, udaletik irurtzundarrak herrian erostera gonbidatu dituzte.
Eta abantaila horiek guztiak nahikoa ez eta pizgarri gisa sariak banatuko dituen zozketa pare bat antolatu ditu udalak. Zozketa bat Trinitateko festekin eginen da eta bestea sanmartinetan. Herriko dendetan gastatzeko balioko duten 50 euroko txartelak zozketatuko dira, guztira 1.250 euro saritan, antzerki ziklorako 10 abonu eta Itsesia igerilekura 15 egunez joateko 5 abonu.
Aurreneko zozketan garagartzaroaren 14ra bitartean herrian erosketak egiten dutenen artean zozketa eginen da. Saritutakoen berri garagarzaroaren 16an emanen da. Udazkeneko zozketa lastailaren 18tik azaroaren 8ra izanen da eta irabazleen berri azaroaren 11n izanen da. Udaletik argitu dutenez, dendetan bertan azalduko dute nola parte har daitekeen zozketan. Eta jakinarazi dute pertsona berak ezin izanen dituela bi abonu eskuratu.