Ohorezko mailako Xotako jubenilek Espainiako Kopari ekingo diote

Guaixe 2019ko mai. 30a, 12:34

Larunbatean Tenerifeko Iberia Toscal taldea izango dute aurkari, final zortzirenetan

Gazteen Ohorezko mailako 3. mailako liga irabazi du Xotak (76 puntu), eta asteburuan beste erronka garrantzitsu bat du taldeak: Espainiako Kopa. Hain zuzen ere, Gazteen Ohorezko Mailako Espainiako Kopako final zortzirena jokatuko du Xotak bere multzoko txapeldun izan den Tenerifeko Iberia Toscal taldearen kontra. Partida etxean jokatuko dute Xotakoek, Irurtzungo Atakondoa kiroldegian eta zaleen laguntza behar beharrezkoa izanen dute irurtzundarrek, irabazten duen taldea ekainaren 7tik 9ra Las Rozasen jokatuko den Kopako azken faserako sailkatuko baita.